GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sokatira

Goiherrik berriro erakutsi du beste talde guztien gainetik dagoela

J.L.

Ez zen ezusterik izan, eta Goiherrik lortu zuen 600 kilokoan txapela, azkeneko jardunaldian ere jaun eta jabe izan baitzen. Horrekin, Erandioko taldeak aurten jokatu diren hiru pisuetako txapelak lortu ditu, eta geratzen den pisuan ere, beraiek izango dira onenak, bai behintzat orain arteko bidean ezer ez bada okertzen.

Berdeek azkeneko jardunaldia inongo arazorik gabe irabazi zuten, talde guztiak mendean hartuta. Bigarren postuan Mutrikuk amaitu zuen. Gipuzkoarrek orain arteko jardunaldi guztietan bigarren amaitu zuten, baita azkenekoan ere, eta sailkapen nagusian ere hortxe amaitu zuten.

Emozioa hirugarren posturako zegoen, hiru talde baitzeuden podiumean amaitzeko aukerekin, baina Gaztedi A izan zen postu hori eskuratu zuen taldea. Azkeneko jardunaldian saio ona egin zuen, eta hirugarren postuan amaitu zuen, eta horrek sailkapen nagusiko hirugarren postua eskuratzeko aukera eman zion. Laugarren, berriz, Goiherri B sailkatu zen, eta bosgarren, berriz, Gaztedi B, neskek eta mutilek osatutako taldea.

Azken postuan Getxok amaitu zuen. Aurreko bi jardunaldietan ere horrelaxe amaitu zuen, eta sailkapen nagusian ere azkena izan da.

Euskal Herriko Txapelketa amaitzeko 580 kiloko pisua bakarrik falta da, eta hori datorren astean jarriko da abian. Hiru jardunaldi jokatu ondoren jakingo da zein den txapelduna. Datorren larunbatean hasiko da Berangon, eta uztailaren 31n amaituko da pisu honetako lehia, baita aurtengo txapelketa ere. 600 kilokoan lehiatu diren talde berak arituko dira, eta berriro ere Goiherri izango da txapela lortzeko faboritoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo