GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Zornotzan, Sarriegiren jarraitzaile

 Gipuzkoako danborradek besteko oihartzunik ez badute ere, Bizkaiak ere baditu bereak. Zornotzako danborrada Bizkaiko zaharrena omen da; 40ko hamarkadan jaio zen, Donostian ikusi zutena gustatuta herriko lagun talde batek antzeko zerbait egitea deliberatu zuenean.

p051_f06_200x113.jpg


Alvaro HILARIO | ZORNOTZA

Gipuzkoako danborradek besteko oihartzunik ez dute, baina Bizkaiak ere baditu bereak. Markina, Lekeitio, Elorrio eta Zornotza dira, besteak beste, danborren hotsa entzutera ohituta dauden herriak. Zornotzakoa -Lekeitiokoarekin batera-, gainera, zaharrenetakoa dugu. Izan ere, 40ko hamarkadan du jaiotze data. Santa Ana egunean irtengo dira danborrari helduak. Txikiek, ordea, Karmengo jaietako ostiralean dute hitzordua.

Zornotzako danborrada Bizkaiko zaharrena omen da; 40ko hamarkadan jaio zen. Donostian ikusi zutena gustatuta, Zabala anaiak, Patxi Sastre, Makatxa eta goritarrak biltzen zituen lagun kuadrillak Gipuzkoako hiriburuan ikusitakoa beren herrian egitea deliberatu zuen. Frankismoaren garai ilun haietan bazen, beraz, irribarreari eusteko prest zegoenik.

Alkandora, praka zuriak eta kartoizko botoi beltzak zituen kasaka gorria jantzita, abarketak oinetan eta kortxo erreaz bibotea pintatuta ibili ziren Zornotzako kaleetan zehar.

Herri jai hau frankismoaren gainbehera garaian desagertu zen arren, aurrerago berpiztu, eta trantsizio garaian berragertu zen. Betiko geratzeko, irribarreak sorrarazteko eta Zornotzako Karmengo jaiak alaitzeko bueltatu zen danborrada.

70eko hamarkadako giroa ezinbestekoa izan zen Jai Batzordea osatu zuten gazteek 1976ko jai egitarauan zornotzar danborrada sartzeko. Herriko kuadrillak ziren bertan parte hartzen zutenak, baita danborrada bera antolatzen zutenak ere. Hirurogei bat gazte irten ziren kalera.

1981ean agertu ziren fusilariak, eta Satorrak taldeko Fede Uriarte dugu aurreneko jenerala. Urtebete lehenago, Soroak kuadrillakoak frantses soldaduz mozorrotu ziren Santanatxu desfilean. Beraiekin batera, berragertu ziren emakume sukaldariak Gautxoriak taldearen eskutik: horrela sartu ziren emakumeak herri ospakizun honetan.

Danborradaren ezaugarri diren kantinerak eta bidea zabaltzen duen kanoia, 80ko hamarkadaren erdian agertu ziren.

«Orain dela hamar urte, Zornotzako Abes Kimu abesbatzakook hartu genuen danborrada antolatzeko ardura; hori bai, Udalaren laguntzaz», azaldu digu Itxaso Iriondok, Abes Kimuko kide eta Gizarte Ekintzako zinegotziak. Arestian esan dugun bezala, lehen kuadrillak izan ohi ziren zeregin horietan jarduten zirenak.

Hirurehun herritar inguruk hartzen dute parte Santa Ana egunean kaleetara irteten den danborradan. «Edonork har dezake parte. Hasieran, kuadrillakoak ziren partaide gehienak; kuadrilla bakoitzak danborradako roletako bat hartzen zuen», azaldu digu Itxaso Iriondok. Egun, parte-hartzaileetako bat izateko prozedura aldatu da. «Danborradarekin bat egin nahi duenak izena ematen du udaletxean, hartu nahi duen rola zein den azalduz», esan du Iriondok. Ñabardura bat egin behar dugu, hala ere: «Aurreko urtean parte hartu zutenek badute pertsonaia aukeratzeko lehentasuna».

Zornotzakoak Donostiako danborrada du eredu, «Zornotzakoa berezia bada ere, jakina». Besteak beste, Raimundo Sarriegi donostiarrak konposatutako musika jotzen badute ere, zornotzarrek beren melodiak eta musikak gehitu dituzte urteak pasa ahala.

Danborrada Zelaietatik irteten da, kanoia buruan delarik. «Horren atzetik, neska-mutil fusilariak eta danborrariak doaz, zuzi-eramailez inguratuta; gazteenak lehenik eta eskarmentu handiagoa dutenak gero», zehaztu du Itxaso Iriondok. Horien atzetik fanfarrekoak, sukaldariak eta kantinerak joaten dira. Herriko kale nagusietatik pasatu eta gero -tartean hainbat geldialdi egiten dituztela- herriko plazan ematen diote amaiera danborradari.

Danborrada txikia

Donostian ez bezala, Karmengo jaietako ostiralean irteten den danborrada txikian parte hartzen duten umeak ez dira ikastetxe edota eskola batekoak: nagusiek bezala, bertan egoteko izena ematen dute, nork bere kabuz. Danborrada honekin 300 bat gaztetxo ateratzen dira, poz-pozik eta dotore-dotore.

Nagusien kasuan bezalaxe, janzten dituzten uniformeak Udalarenak dira. Aurten, arratsaldeko zazpietan irtengo dira txikiak. Nagusiak, berriz, Santa Ana egunean, gaueko hamar eta erdietan.

BIZKAIKO ZAHARRENA

Zornotzako danborrada Bizkaiko zaharrenetakoa da. Izan ere, 40ko hamarkadan du jaiotze data. Danborrada frankismoaren gainbeheran desagertu zen arren, trantsizio garaian berragertu zen.

ABES KIMU TALDEA «Orain dela hamar urte, Zornotzako Abes Kimu abesbatzakook hartu genuen danborrada antolatzeko ardura; hori bai, Udalaren laguntzaz», gogorarazi du Itxaso Iriondok, Abes Kimuko kide eta Gizarte Ekintzako zinegotziak.

PARTE-HARTZAILEAK

«Danborradarekin bat egin nahi duenak izena ematen du udaletxean, eta aurreko urtean parte hartu zutenek badute pertsonaia aukeratzeko lehentasuna», gaineratu du Iriondok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo