GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Xanti Begiristain Madotz, Iruñea

Enrique Maya eta Yolanda Barcinari

Ikusi ondoren zer-nolako «ikuskizun» tamalgarria sorrarazi zenuten Villavesaren entzierroan, bihozmina, lotsa eta amorrua sentitu ditut denengatik, eta baita zuengatik ere.

«Ikuskizun» negargarria sorrarazi zenutela diot, zeren eta, zuek ez baldin bazenieten agindua eman polizia guztiei han egoteko, nork deituta agertuko ziren, ba, Estafeta kalearen erdian modu hartan jantzita eta armatuta? Entzierroko lasterkari baketsu batzuen aurrean baino gehiago, ematen zuen aurre egin behar zietela unibertsoko terroristarik terroristenei. Eta ez niri esan gero lasterkariak izan zirela probokatzaileak eta zirikatzaileak, denok ikusi ditugulako irudiak! Hauek al dira zuek, Enrique Maya eta Yolanda Barcina, Iruñeko eta Nafarroako herritar arruntei buruz dituzuen iritzia, konfiantza eta begirunea?

Oso gogokoa duzue esatea sanferminak munduko jairik hoberenak direla (arrunt adierazpen dohainekoa zuen aldetik, batere konparatu, baloratu, puntuatu, aztertu, analizatu, alderatu eta gogoan hartu gabe munduko inongo herri eta hiritako jaiak; honela neronek ere esan nezake Nobel saririk garrantzitsuena merezi dudala), eta gero, hau al da bertako jendeari ematen diozuen tratua, gerrako etsaiak balira bezala, sanferminak pixka bat luzatu nahi izateagatik, inor molestatu gabe? Eta berriz ere aurreratuko natzaizue, mesedez, ez atera zirkulazioaren aitzakia! Nork sinistu behar dizue halako argudio eskasa, sanfermin guztietan eta askoz lehenago ere, herritarrak oztopatzen dituzten hainbeste salbuespen egin ondoren? Non egon da proportzionaltasuna? Edo agian izan da mendeku ziztrin bat, besterik gabe?

Maya eta Barcina, gero eta argiago erakusten ari zarete zuen maila politiko, demokratiko eta pertsonal urri, bakan eta oso eskasa. Horrela ez zaituztegu merezi! Ez zaituztegu behar! Eman, behingoz, bakea!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo