GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iñaki Errazkinek Alduntzinen bideari eutsiko diola esan du kargua hartzean

Martin Garitanok atzo izendatu zuen Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatu. Ekitaldian, Juan Carlos Alduntzin diputatu ohiaren lana goraipatzeaz gain, hark hasitako bideari jarraipena emango diola baieztatu zuen Errazkinek.

p014_f02.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Iñaki Errazkin ofizialki Gipuzkoako Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatua da dagoeneko, atzo Donostian egindako ekitaldian Martin Garitano ahaldun nagusiak hala izendatu ostean. Orain arte Diputatu Nagusiaren Kabineteko buru izandakoak gainontzeko diputatuen aurrean hartu zuen ardura berriaren lekukoa. Juan Carlos Alduntzinek ere, azken hamabi hilabeteetan sail honetako ardura eraman duen diputatu ohiak, ez zuen xehetasunik galdu, eserleku batetik ikusi baitzituen izendapenaren nondik norakoak.

Kargua hartu bezain pronto, hain zuzen, bere aurrekoari egin zion erreferentzia Errazkinek. «Nik ez nuen hemen egon behar», esan zuen, egoera hura ez zela «ohikoa» iritzita. Hala, Alduntzinek hondakinen kudeaketa eta lurralde antolaketaren inguruan azken urtean egin duen lana goraipatu zuen, hemendik aurrera jarraitu beharreko bidea hori berbera dela azpimarratuz.

Horrenbestez, baieztapen honekin azken asteetan Alduntzinek helarazi zuen ideia berretsi zuen Errazkinek. Alegia, PP, PSE eta EAJk Batzar Nagusietan bozkatutako zentzura mozioak lortuko zuela mezularia aldatzea, baina ez ordea mezua aldatzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak, beraz, hondakinen kudeaketarako ekainaren 5ean aurkeztu zuen planarekin egingo du aurrera. «Norabide horretan urratsik handienak ematen ahaleginduko gara», baieztatu zuen Errazkinek izendatu berritan.

Alduntzini zuzendutako hitzak ez ziren hor amaitu, eta aipamena egin zien hondakinen kudeaketan aditu direnak eta erakundeak elkarlanean jartzearen alde egin dituen saiakerei. «Arduraz beteta ekin dio lanari. Oraindik, lan izugarria dago egiteko Gipuzkoan», adierazi zuen.

Garitanok hitza hartu zuenean, egun batzuk lehenago izendapenaren berri eman zuenean egin zuen bezala, Errazkinen eskarmentua eta profesionaltasuna goraipatu zituen. «Konbentzimendu osoa dut lanak ongi burutuko dituela -esan zuen-. Hondakinen gaiak zentralitate politikoa hartu du, hala izan beharko ez zukeen arren, eta Iñakik ondo ezagutzen du auzia».

Aurkako jarrerak

Iragan ostiralean Gipuzkoako ahaldun nagusiak Errazkinek Alduntzinen lekukoa hartuko zuela iragarri bezain laster, EAJk, PSEk eta PPk norabidea aldatzeko eskatu zioten. Azken alderdi horrek, esaterako, orain arte izan duen jarrerari eutsita, esan zuen ez duela zalantzarik izango beste zentsura mozio bat aurkezteko egoerak hala eskatzen badu.

Izendapenaren harira, Denis Itxaso PSEko Ingurumen idazkariak hitz egin zuen atzo. Bilduri hondakinen kudeaketan duen politika bertan behera uzteko eskatu zion, honek «porrot» egin duelako iritzia baitu alderdi horrek. Halaber, koalizio soberanistak atez atekoarekin duen «obsesioa» alde batera uzteko esan zion, euren aburuz zabortegietan oinarritutako politika honek lurraldera «kolapsoa» ekarriko duela-eta.

Kargu berria hartuta, argitzeko dago Gipuzkoako Aldundiak nor izendatuko duen orain arte Errazkinek izan duen ardura betetzeko, alegia, Diputatu Nagusiaren Kabineteko buru izateko. Garitanok oraingoz ez du ezer aurreratu.

HAUTAGAIAK

Hasiera batean Alduntzinen ordezkoa Haritz Salaberria izango zela iragarri zuten arren, hondakinen kudeaketak hartu duen garrantzia ikusita, Iñaki Errazkin hautatu dute, arlo honetan duen «eskarmentu handiagatik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo