GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Krisiak hustua arteak bete du

Herri ekimen bati esker, kale museo handi bat da orain Bergarako Alde Zaharra, urte osoan eta hogeita lau orduz zabalik dagoena. Krisiaren eraginez, pixkanaka-pixkanaka ixten joan dira denda eta ostatu txiki anitz eta lokal huts ugari dago. Jabeek artistei utzi diete lekua, zailtasunek hustu dutena ilusio berriek bete dezaten.

p045_f01.jpg

Testua: Maider Iantzi

Bergarako kale museo erraldoi honetako gunerik ikusgarrienak, Artekalek, izen ezin aproposagoa du. Forma eta kolorez zipriztindutako eta monumentuz hornitutako inguru honetan paseatuz, arreta ematen du, urteotan, pixkanaka-pixkanaka, zenbat negozio txiki itxi diren ikusteak, historia handikoak batzuk. Baina, horrekin batera, Debagoieneko herri honetan dagoen artista harrobia nabarmentzen da. Bertako 50 artista baino gehiagok bete dituzte sorkuntzaz krisiagatik hustutako 36 denda eta taberna.

Jesus Elortza alkatearekin eta Justina Elexpuru Kultura zinegotziarekin elkartu gara plazan. Azaldu dutenez, ideia Udalarena izan arren, herri ekimena da «Hirigune historikoa koloretan». Herritarrak anitz inplikatu dira; dendariak -lokalak utziz-, Beart pintore elkartea, bai eta bi tailu eskolak eta zeramika eskola ere. «Pintoreen lana inportantea izan da; bakoitzak zozketan tokatu zaion erakusleihoaren neurrira margotu du. Ibilbide luzeko zein hasiberri, denek baldintza beretan».

Alde Zaharra degradatuta zegoela aitortu du alkateak. Komertzio pila bat zeuden itxita eta hauen itxura aldatu nahi izan dute, erosi ala alokatzeko ere ezaugarri hobeak izan ditzaten. Bakoitzari plaka bat jarri diote, dendaren eta artistaren izenarekin, metro karratuekin eta telefono zenbakiarekin.

Auzolana da Udaleko kideek azpimarratu dutena. Lagun ugarik parte hartu du, musu truk, denek ilusio handiarekin, eta emaitzan nabaritzen da hori. San Juan bezperan egin zuten inaugurazioa eta han ere jendetza bildu zen; banan-banan erakutsi zituzten koadroak, artista bakoitzak berea, mokadu bat ere jan zuten, eta herritarrak hagitz kontent gelditu ziren. Balorazioa: «Errepikatzeko modukoa».

Kalean jarrita daude koadroak, inongo babesik gabe eta 24 orduz zabalik, eta etortzen diren turistak harrituta gelditzen dira ikustean. Sustatzaileak jakitun dira horretaz eta ekimena erabili nahi dute bisitariak Bergarako arkitektura-ondare aberatsa ezagutzera animatzeko. Urtebetez egonen da zabalik erakusketa hau eta ideia batzuk badituzte gerorako: erakusketan bertze koadro batzuk jartzea, adibidez.

Unai Azkarate, Maite Eraña eta Carlos Galarraga margolari gazteak, Iñaki eta Xabi zeramikariak, Manolo Lorente eta Esteban Mendikute tailugileak, Joseba Leturia argazkilaria... Artista ugari batu zaigu paseora. Kontatu digutenez, erakusketa dela-eta, inoiz baino gehiago ibiltzen ari dira herrian barna. Bezperan, errate baterako, hamabost bat mintzalagunekin egina zuten bisita gidatua.

Hasteko, Monet

Bidegurutzeta kalean hasi dugu ibilbidea, Bustintzale Zeramika Taldeak eta Tailu Eskolak kutxa, erloju, esekitoki, eskultura eta koadroz apaindutako Egizabal erakusleihoan. Egizabal 1852an sortutako zapata denda da, orain dela urte gutxi itxia. Handik, Carlos Galarragak egindako Moneten erreprodukziora. «Kaleko galeria honetarako, koadro oso ezagun bat hartzea erabaki nuen. Datorren urtean beteko dira 150 urte pintatu zela. Kopia bat egin nuen kalean jartzeko eta gero aldatzea pentsatu nuen, baina ez nintzen ausartu, nahiko klasikoa atera zait. Inork grafitirik egin baino lehen, nik margotu nuen lehenengoa, espraiarekin koadroaren izenburua idatziz: `Le déjeuner sur l'herbe'». Bitxikeria gisa, aitortu zuen erakusleihoa baino koadro zabalagoa pintatu zuela eta motozerrarekin mozten ibili behar izan zutela.

Ondoan, Unai Azkarateren koadroa dago, gaztetxeko kontzertuen eta ekitaldien kartelekin egindako collagea. «Erakusketa San Juan suetan inauguratu genuenez, koadro batzuk erre genituen plazan. Nire lanean ere sua hartu nuen gaitzat eta sutan ageri dira kartelak», azaldu du.

Bidegurutzetatik San Pedro kalera egin dugu. Han, Arizondo Argazkizale Elkartearen erakusleihoa ikusi dugu. Joseba Leturia bertako kideak agertu duenez, 30 bazkide dira eta bakoitzak dituen argazkien artean aukeratu du lanen bat hona ekartzeko: Lisboako kale bat, Rajastango paisaia, tanta bat, miru gorria, hegan egitearen sentsazioa... Denetarik.

 

Artekalen sartu gara; bertan daude artistarik gehienak: Luis Laskurain eta Juan Jose Altuna, esperientzia handikoak eta ospetsuak biak; Joseba Ormazabal, Joseba Erdabide... Antxon Arrillaga erretiroa hartuta dago eta hirugarren kurtsoa egiten ari da Arte Ederretan. La Union taberna izandakoaren atean margotu du Arrillagak; bertan egoten zen apopilo aspaldi eta ilusio handia egin die berari eta tabernariari modu honetan berriro batzeak. Duela 30 urte ere Arrillagak egin zuen tabernako kartela.

Aurrerago, Larrañaga autoeskolan, sei margolariren lanak daude bakoitza pertsiana batean. Horietako batek, Jokin Oregirenak, arrakasta itzela izan du. Margoa egiten ari zela, Facebook-en erakutsi zuen prozesua, jendeak koadroa nola aldatzen zihoan ikus zezan. Koadro umoretsua da: Elvis Presley ageri da izozkia jaten.

Hurrengo margoak, Maite Erañarenak, joko polita egiten du Artekalea jartzen duen kartelaren azpian. Sortzaileak adierazi digunez, hamabost koadro ezberdin daude koadro bakarrean, kapak izanen balira bezala, artista koadroa aldatzen joan baita etengabe, emozioekin eta pintzelkadekin jostatuz. Margoak paletan nahastu beharrean, koadroan jarri ditu zuzenean eta testurekin jokatu du. Hainbat formaren artean, lore bat nabarmentzen da. «Sortzen hasten naizenean, beti prozesu batean sartua egon ohi naiz. Izan ere, noiz bukatzen da koadro bat? Oraindik ere, lan honekin ariko banintz, beste zerbait egingo nioke».

Bergarako Alde Zaharreko kaleetan zabiltzala, ezustekoak hartzen dituzu: hemen Itziar Murgizuren koloretako pastelez egindako lana ikusten duzu, haraxeago Txillidaren antza duten Xabier De Zerioren eskulturak, Jon Suinagak bere ilustrazioekin osatutako Txikien Txokoa... Batzuetan, irria aterako zaizu, adibidez margolari erretirodunen pikardia ikusita: arropa denda bat ageri da, jantziak pertxetan. Esku bat sartu da galtzetan, bertzea gonapean.

Barrenkalen Pello Alberdiren lana ikusi dugu. Bergarakoa ez den artista bakarra da. Elgetarra, baina Bearteko kidea, eta Bergaran pintatzen du. Kale honetan daude Amaia Zaitegiren argazkiak ere, baina irailerako kendu eginen dituzte, jarrita dauden lokala alokatu baitute: txokolate denda bat irekiko dute. Kaleak berpiztea eta artisten ahalmenari balioa ematea xede duen ekimen honen lehenbiziko fruitua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo