GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Berri Txarrak, Larrabetzuko Gazte Eguneko amu nagusia

Lekunberriko taldea izango da bihar Larrabetzun ospatuko den Gazte Egun potentearen erakargarri nagusia. Horrez gain, Willis Drummond eta Skatu taldeak arituko dira, eta egunean zehar olinpiadak, poteoa eta beste izango dituzte Bizkaiko herrian.

p053_f03.jpg

Mikel PASTOR | LARRABETZU

Gorka Urbizu, Aitor Goikoetxea eta Mikel Lopez musikariek osaturiko hirukoaren ehunka jarraitzaileak urduri egongo dira jada. Arrazoia: Berri Txarrak, hainbat hilabeteren ondoren, Euskal Herrira itzuliko da kontzertua eskaintzera.

Miarritzen behar zuen itzulera horrek, joan den astean, baina festibalaren antolatzaileekin izandako arazoak tarteko, 18 urtetan lehenengoz kontzertua bertan behera uztea erabaki zuten lekunberritarrek, euren webgunean eskegitako komunikatu ofizialean agertu zutenez.

Urbizu eta taldekideak ezagututa, lasai egon daitezke talde nafarraren jarraitzaileak; izandako istripuak hurrengorako animoak berotu dizkie Berri Txarrak-eko kideei, eta sekulako kontzertua espero da.

Alabaina, buelta gaitezen guzti honen muinera eta koka dezagun zehaztasunez biharko eszenatokia. Larrabetzu Galdakao eta Zornotza artean dagoen herri txikia da, 2.000 biztanleetara ailegatzen ez dena.

Arazoren bat? Batere ez. Kontrara, bizkaitarrek sekulako Gazte Eguna antolatzea lortzen dute urtero, puntan dauden taldeak kontratatuz eta herriko kaleetan sekulako giroa sortuz. Izen eta tradizio handia daukate, eta euren eszenatokietatik oso talde ezagunak pasatu dira. Joan den urtean, urrutira joan gabe, Gose, Itziarren Semeak eta We Are Standard aritu ziren, jendetza bilduz.

Ez dira kasu bakanak. Larrabetzu historikoki oso deigarria izan da garaiko talde handientzat. 30 urte dira Gazte Eguna ospatzen hasi zela, eta larrabetzuarrek mito ugari ikusi dituzte euren begien aurretik desfilatzen: Kortatu, Ertzainak, La Polla Records, RIP, Cicatriz, Tijuana in Blue, Soziedad Alkoholika...Rock Radikal Vasco deiturikoak derrigorrezko geldialdia zuen udaro Bizkaiko herrian. Berri Txarrak talde mitiko horien parean jarriko da bihar. Duda gabe, merezitako saria.

Larrabetzu 2012

Lekunberriko hirukotearen lehendabiziko akordeak entzun baino askoz lehenago, eguerdi aldera, hasiko da Gazte Eguna, Larrabetzuko kaleetan barrena egingo den poteo herrikoiarekin, bazkari erraldoiari bide emango diona.

Eguneko une bereziena arratsaldean helduko da. Londresko eredua hartuta, olinpiadak ospatuko dira Larrabetzun. Marka astronomikorik ez, baina parte hartzea ziurtatuta egongo da, eta kontuz ibili ezean, baten bat Michael Phelpsen paperean jarriko da, likidotan murgilduta.

Bederatzi eta erdietan, eta kontzertuei sarrera egiteko, kalejira-ekitaldia izango da, gaztetxearen eta, oro har, gazte mugimenduak burutzen dituen ekimen eta proiektuen garrantzia azpimarratzeko.

Atleta olinpikoak berotuta, marka guztiak hautsita eta munduko errekorrak gaindituta helduko dira kontzertuak gazteen begi aurrera. Skatu eta Willis Drummond-ek joko dute Berri Txarraken aurretik. Skatu Iruñerriko zortzi gaztek osatu zuten 2007an eta arrakasta izan dute; Italia eta Eslovenian aritu dira kontzertuak ematen. Izenak adierazten duenez, ska egiten dute, baina baita punk eta reggaea ere. Disko berria aurkeztu dute, «Izanak izan».

Willis Drummond, bestalde, Iparraldeko post-hardcore taldea da. Skatu baino beteranoagoa, 6-7 daramatzate jotzen, eta gero eta ezagunagoak egin dira Euskal Herrian. Lisabö taldearekin erlazio ona daukate, eta euren musika nahiko antzekoa da, erritmo zein letretan. Publiko handiaren aurrean aurkezteko aukera paregabea izango dute bihar.

Amaiera emateko, noski, Berri Txarrak. Zoramena. Gozamena. Sakontasunez beteriko bertso ederrak, betiko erritmo bizi eta gustagarrietan. Gorka Urbizuren mihia beti bezain fin, publikoa topera eta gorputza izerditan blai. Eta beti bezala, Larrabetzu.

aukera

Euskal Herrian hiru kontzertu soilik ematekoa zen aurten Berri Txarrak. Miarritzekoa bertan behera geratu eta gero, biharkoa izango da lehena, eta bigarrena, Tuteran, irailean.

tradizioa

Larrabetzuko Gazte Egunetik talde mitikoak pasatu dira beti: Kortatu, Tijuana in Blue, Ertzainak, RIP, Cicatriz en la Matriz, La Polla Records, Soziedad Alkoholika. Berri Txarrak zerrendan sartuko da aurten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo