GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Tom Morey: Morey boogiea asmatu zuen artista

Surf munduan taula herrikoi bat bada, hori Morey boogie famatua da; etzanda ibiltzeko taula, alegia. Bere sortzailea Tom Morey da.

p038_f01_148x136.jpg

Haritz Larrañaga Altuna

Nork ez du Morey boogie bat esku artean izan? Etzanda olatu artean ibiltzeko tresna ezin hobea da. Edonork goza dezake boogie batekin itsasoan, ez baita batere zaila olatuak hartu eta etzanda joatea.

Olatuak hartzeko tresna apal honek arrakasta handia izan zuen garai batean eta oraindik itsasoaz gozatzeko bitarteko itzela izaten jarraitzen du. Baina, non, noiz, nola eta nork sortu zuen lehen bodyboard edo paipoa?

Tom Morey

Bodyboardaren asmatzailea Tom Morey surflari, enpresari eta musikaria izan zen. 1971ko uztailaren 7an polietileno zati bat karratu forman moztu, kola eman, egunkari zatiekin bildu eta historiako lehen bodyboarda egin zuen. Eta ordutik, olatuak hartzeko modu herrikoiena dela esan daiteke (igerian olatuak hartzearekin batera).

Urte gutxira, 70eko hamarkadaren amaiera aldera, 80.000 bodyboard merkaturatzen ziren jada AEBetan. Hasiera batean, boogie board izena izan zuen, izan ere egilea, Tom Morey, boogie musikaren maitale sutsua zen. Egun izen bitxia du Tomek, hizki soil batekin aurkezten du bere bere burua. Hala, Tom Moreyk, egun, «Y» izena du.

1935eko abuztuaren 15ean etorri zen mundura, Detroiten (Michigan, AEB), baina 9 urte zituela Kaliforniara joan eta han hazi zen, Laguna Beach inguruan. Talentu handiko musikaria, 12 urterekin bateria bakarka jotzen abilezia handia zuen dagoeneko, eta, horren erakusle, denborarekin, Dizzy Gillespie, Stew Williamson, Bud Shank eta Conti Condolli musikari ezagunekin aritu zen profesional gisa.

Moreyk, beraz, bi pasio nagusi zituen; batetik, itsasoa, eta, bestetik, musika. Horrenbestez, bere bi zaletasunak aldi berean uztartzen saiatzen zen. Olatuak txanpan (igerian, taula gabe) hartzen trebea zen; horrela lortu zuen bigarren postua 1946an Green Valley Lake Paddleboard Championships txapelketan.

Jada 1948. urterako bateria jotzaile profesionala zen, eta, 1950ean, Sons of the Beach taldean jotzen hasi zen. 1952an bere lehen olatua hartu zuen utzitako surf taula batekin, Laguna Beachen. 1954ean, Tom Morey Jazz Quartet taldea sortu zuen.

1955eko apirilean taula handi batekin itsasontzi handi batek sortzen zituen olatuak hartzen ibili zen. Urte horretan bertan, bere musika taldeak unibertsitateko jazz talde onenaren saria irabazi zuen.

Pixkanaka baina, surfak gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen Moreyrengan, eta, hala, 50eko hamarkadaren amaiera aldera, asmakizun garrantzitsu bat egin zuen taularen aurrealdea apur bat igotzeko kurba ezarri zionean; izan ere, ordutik ia taula guztiek daukate kurba hori. Bestelako asmakuntza batzuk ere egin zituen surf tauletan, baina ez zuten arrakastarik izan.

1957an Matematikan lizentziatu zen Kalifornia hegoaldean bertan eta bere lagun Bob Tierneyrekin batera Fantopper paperezko kapela asmatu zuen Moreyk. Kapelok oso ezagunak egin ziren AEBetan, baina, hala ere, bi lagunetako inor ez zen berauekin aberastu.

Urte horretan bertan ezkondu eta Douglas Aircraft enpresan lanean hasi zen ingeniari gisa. Aldi berean, Velzy eta Jacobs surf taldeen babesean aritzen zen surfean. Garai hartan lanean erabiltzen zituen materialekin surfeko tresneria egiteko probak egiten aritu zen eta asmakizun anitz aurkeztu zituen. 1964. urtean, Laguna Beach utzi eta Venturara joan zen bizitzera. Han, bere enpresa sortu zuen: Tom Morey Skeg Works.

Material egokia aurkitu zuen lemak egiteko, polipropilenoa hain zuen ere, eta, lehen aldiz, ordezko lemak merkaturatu zituen. Hau da, taula bati lema apurtuz gero, Moreyren lema horietako bat jar zekiokeen. Gero bere enpresaren izena aldatu zuen, Morey Surfboards izena eman zion, eta, publizitatea egiteko asmoz, surfaren historian izan den lehen surf txapelketa profesionala antolatu zuen.

1965eko uztailean, Venturako Kalifornia gunean egin zen Tom Morey Invitational Nose Riding txapelketa. Diru sari garrantzitsuak eskaini zituen lehen txapelketa izan zen, eta, hala, parte hartu zuten 25 lehiakideek 1.500 dolarreko diru saria eskuratzea izan zuten helburu. Kalifikatzeko irizpideak oso argiak izan ziren; surflari bakoitzak hamalau olatu hartu eta taularen aurrealdean ahalik eta denbora gehien iraun behar zuen. Olatu guztietan lortutako denboraren baturak eman zuen irabazlearen izena. Txapelketa oso arrakastatsua izan zen eta Mickey Muñoz izan zen irabazlea. Hurrengo urtean berriz egin zuten txapelketa, 5.000 dolarreko diru sariarekin.

Urte berean, berriz aldatu zuen enpresaren izena Moreyk, izan ere, Karl Pope izeneko lankide berri batekin hasi zen lanean, eta, beraz, Morey-Pope izena hartu zuen konpainiak. 1965. eta 1969. urteen artean, WAVE (Water Apparatus and Vehicular Engineering) izeneko korporazio bat eraiki zuten eta elkarrekin taula diseinu anitz egin zituzten.

1968an meditazio transzendentalean murgildu zen Morey eta urte bat geroago bere emaztearekin Hawaiira joan zen bizitzera. Han, jazz talde bat eratu zuen eta «Surfer» aldizkari ezagunarentzat zenbait artikulu ere idatzi zituen. Artean, taulak egiteko material berriak erabiltzen jarraitzen zuen, baita diseinu berriak egiten ere.

1971n sortu zuen arrakasta handiena izan zuen eta itsas kirolen eremuan iraultza izan zen bere asmakizun nagusia: boogie board taula. Garai hartan Baha'i deituriko fedea hartu zuen: «Alkohola, drogak eta sexu promiskuitatea alboratu eta Baha'i otoitzak errezitatzen hasi nintzen; `oh, Jainkoa, igor iezadazu pentsamendu bat, mundu hau arrosaz beteriko lorategi bilakatuko duena' eta antzerakoak esaten nituen».

Gero, urte batzuk lehenago utzi zuen Marchia Nichols bere emazte ohiarekin berriz elkartu eta ezkondu zen. 1974. urtean Morey Boogie enpresa sortu zuen, Germain Faivre kidearekin batera, eta horrela hasi zen boogie taulak merkaturatzen. «Surfing Magazine» aldizkarian iragarki bat lortzeko tratuan aritu zen, propaganda egitearen truke ahalik eta diru gutxien ordaintzeko asmoa baitzuen, eta, azkenean, denbora batez bere iragarkia aldizkarian argitaratzea lortu zuen, oso prezio merkean gainera. Hasieran ekoizpena oso mugatua izan zen, ez baitzen momentuko eskaria asetzeko gai; azkenean, salmenta eskubideak Krancso Corporation enpresari saldu zizkion.

1985ean Washingtonera joan zen bizitzera, han zazpi urte egin zituen, eta denbora hartan ere material berriekin lanean aritu zen, betiere Krancso Corporation enpresarekin lotura galdu gabe. 1992an Kalifornia hegoaldera itzuli zen eta berriz ere surf munduarekin bat egin zuen.

1999an bere izena aldatu zuen: «Ene bizi osoan `More Y' izan naiz, beraz, aurrerantzean `Y' izango naiz, zergatik ez?». Taula bigunekin lan egiten jarraitzen zuen eta urte horretan bertan aurrerantzean ohiko bilakatu diren taulak egin zituen; azpialdean xafla gogorra eta gainontzean material bigunarekin egindako taulak, alegia. Ordutik, masiboki ekoitzi eta merkaturatu ditu diseinu desberdinetako taula bigunak.

Huntingtoneko Walk of Fame pasealekuan izar bat eskaini zioten 2005ean, surf munduko «famatuen egongelan» lekutxo bat lortuz. Egun, bere izen berriarekin, oraindik ere atseden hartu gabe jarraitzen du, beti lanpetuta, bateria jotzen edo beste zerbait egiten. «Erretzeari, edateari, jokatzeari eta bere bizitzako neskaren atzetik ibiltzeari uzten dionean, gauza eder asko egiteko denbora du gizonak», esaten du.

Tom Morey

Bodyboardaren asmatzailea da Tom Morey surflari, enpresari eta musikaria. 1971ko uztailaren 7an polietileno zati bat karratu forman moztu, kola eman, egunkari zatiekin bildu eta historiako lehen bodyboarda egin zuen. Ordutik olatuak hartzeko modu herrikoiena da.

izar eta guzti

Izar bat eskaini zioten 2005ean Walk of Fame pasealekuan, surf munduko «famatuen egongelan» lekutxo bat lortuz. «Erretzeari, edateari, jokatzeari eta bere bizitzako neskaren atzetik ibiltzeari uzten dionean, gauza eder asko egiteko denbora du gizonak», esaten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo