GARA > Idatzia > Kultura

Udate | baionako bestak

Datorren urterako hitzordua zabalduz esan du agur Leon erregeak

Jendetsua izan zen oso atzoko Baionako besten azken eguna. Eguerdiko bazkarien ondotik, poteo musikatuek hartu zuten lekukoa karriketan. Egun osoan nagusi izandako giro alaiari gauerdian eman zitzaion amaiera ofiziala Leon erregearen eserlekua inguratzen duen erridaua itxi eta su artifizialak hasi zirenean. Datorren urtera arte agur esan zioten horrela erregeari. Banden omenezko meza eta ondoko desfilea izan ziren atzo egitaraua ofizialeko hitzordu nagusiak.

p054_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Bestei agur esateko garaia iritsi zen atzo Baionan. Milaka lagun elkartu ziren karriketan, aurreko lau egunetan bezala, bestaren azken orduak gozatu ahal izateko. Leon erregearen urtebeteko loaldia iragartzen duen ekitaldia gauerdian iragan zen. Udaletxeko balkoiko jarlekuan eserita, erridauak itxi eta su artifizialen burrunbarekin joan zitzaien festazaleei bost eguneko besten ikur nagusia. Baina iluntzean gertaturiko ekimen horren aurretik, izan zen zer egin eta ikusi bestetan.

Ekimen nagusietako bat, bezperan bezala, gauean egindako Corso Argitua karrozen desfilea izan zen. Aurtengoan, jaien 80. urteurrenaren gaia jorratzea tokatu zaie hiru hilabete luzez karrozak lantzen aritu diren elkarteetako kideei.

Gaueko iluntasunean, lau metroko altuera zuten karroza ikusgarriek distira zabaldu zuten Alsace Lorraine etorbidetik herriko etxera arte doan bidean. Eta, ohi bezala, milaka lagun elkartu ziren karroza dotore eta erraldoien edertasunarekin gozatzeko. Luzaz Baionako jaien afixak egiten aritu zen Saez marrazkigilearen irudiekin apaindutako karroza edo 1940ko hamarkadako karrozak omentzen zituena ikusi ziren besteak beste.

Apezak karriketan

Corso Argituarekin batera, igandean bestetako mezak ere egin ohi dira. San Andres elizakoa izaten da ikusgarriena. Bost egunez karriketan doinuak zabaltzen aritu diren bandak elkartzen dira bertan, beraien omenezko meza egiten baita. Atzo goizean ehunka banda elkartu ziren ekimenean, eta, eguerdian, meza bukatu ondoren, desfilean eta musika lagun, herriko etxera arte joan ziren.

Elizaren eta besten arteko lotura aipagai dugula baliatuta, aurten bestetan inoiz baino apez gehiago ikusi direla nabarmendu beharra dugu. Sotana zuri-gorriak soinean, gazteei jarrera egokiari buruzko peredikuak botatzen aritu dira.

Hori bai, bestazaleek ez dituzte beti peredikuak gustuko izan. Apazen bat edo beste ostatuetatik kanporatu beharra ere izan dute, homosexualitatearen aurkako bere erranak herritarren haserrea eragin ostean. Alain Afflelou enpresari ospetsuak ere piztu du bestazaleen haserrea egunotan. Gouverneur eta Orbes karriken artean saltegia kokatuta dauka, eta, hala, bertatik pasatzen ziren bestazaleak «connard d'afflelou» bezalako irainak botatzen ikustea ohikoa izan da bestetan.

CON RESPETO

Desde hace unos cinco años, la Comisión de fiestas, junto a colectivos ecologistas, feministas y sociales realizan campañas de sensibilización para que la fiesta se desarrolle con respeto hacia las personas, bienes y medio ambiente.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo