GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

joseba alvarez | Donostia

Ibazetaren aurkako mendekua

Espainiako selekzioak irabazitako futbol partiduaren ondoren, etxera zihoala Josetxo Ibazetari gertatu zitzaionak probokazio kutsu nabarmenegia duela pentsatzen dugunok asko gara. Itxura guztiaren arabera, Josetxo Ibazeta probokatu zutenek ez zuten amore eman lortu nahi zuten emaitza eskuratu arte. Baina nortzuk ziren probokatzaileak? Nola iritsi zen grabazioa «El Mundo» egunkarira? Horrelako zenbat gertakizun izan ziren gau hartan Euskal Herrian? Zergatik eman zaio horrelako garrantzia Josetxorenari? Kirats politiko ankerra dario gertakizunari bazter guztietatik.

Josetxo Ibazetak, eginiko probokazioan erorita, aitortu egin zuen ezker abertzaleak Bildu koalizioan eskuraturiko alkatetza nagusiari erasotzeko atea zabaldu zuela, baita eginiko kalte politikoa ere, eta berehala bere dimisioa aurkeztu zuen. Bi hitzetan esanda, militante batek egin behar zuena egin zuen azkar eta garbi. Gauzak horrela, zertara dator orain Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izatea eta, agian, kondena gogorra jasatea, gauza jakina baita «mehatxuak jaurtikitzea» eta «ETA goraipatzea» oso gogor zigortzen diren leporatzeak direla Madrilen.

Nire iritziz, Josetxo Ibazetak dimisioa emanik eta ezker abertzaleak harturiko neurrien ondoren, orain epaiketa hau egin nahi izateak ez du zer ikusirik Justiziarekin eta asko mendeku politikoarekin. Izan ere, militantzia luzea duen kidea epaitu eta kondenatu nahi dute, bere kaltean eta ezker abertzaleak osaturiko Bildu eta Donostiako alkatetzaren kaltean.

Ez dezagun ahantz gertakari haietatik egun gutxitara Basagoitik berak Josetxo Ibazetak enpresariak mehatxatu zituela esan zuela eta duela egun gutxi, Donostiako Udalean berriro ere, Denis Itsasok Kultura eta Euskara arduraduna den Nerea Txapartegiri beste leporatze larria egin ziola, Udal Batza utzi aurretik...

Donostiako Udalean ezker abertzalea Bildu koalizioarekin batera egiten ari den lana da zikindu eta desitxuratu nahi dutena. Ostegunean, Auzitegi Nazionalean, joko zikin hau salatu nahi dugun guztiok izango gara Josetxo Ibazetarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo