GARA > Idatzia > Euskal Herria

UPN eta PSN, Del Rioren askatasunaren aurka

UPNk eta PSNk indarrak batu zituzten atzo, Tafallan, Ines del Rio askatzeko eskatzen zuen mozioa atzera botatzeko. Bilduk aurkeztu zuen testuan dei zuzena egiten zioten Gobernu espainolari: Estrasburgoko epaia onartzeko eta Del Rio askatzeko.

p011_f02_097x092.jpg

M. DIAZ-A. GARTZIA |

UPNk eta PSNk indarrak batu zituzten atzo, Tafallako udalbatzan, Ines del Rioren askatasuna eskatzen zuen mozioa atzera botatzeko. Gobernu espainolak Estrasburgoren epaiaren aurka helegitea aurkeztuko duela erabili zuten bi alderdi hauek tafallarraren askatasuna ukatzeko argudiotzat.

Bilduren bitartez aurkeztu zen Tafallako udalbatzan Herrira elkarteak prestaturiko mozioa, eta talde abertzalearen zinegotzien sostenguaz gain Iniciativa por Tafalla alderdiaren babesa ere jaso zuen. UPNren eta PSNren aurkako bozak zirela medio, mozioak ezin izan zuen, ordea, aurrera egin.

Mozioan dei zuzena egiten zioten Gobernu espainolari, onar dezan Estrasburgon egoitza duen Europako Giza Eskubideen Epaitegiak ebatzitakoa, hau da, Ines del Riori ezarritako zigorra legez kontrakoa dela, eta, ondorioz, tafallarra berehala aska dezan.

2008an bete zuen Del Riok ezarri zioten zigorra, baina «Parot doktrina» erabilita, espetxealdia luzatu zioten. Gaur egun Curtisen (Galizia) dago, eta Auzitegi Nazional espainolaren arabera, Del Rio ez dute 2017. urtera arte askatuko.

Joan den uztailaren 10ean, Estrasburgok Estatu espainolaren aurkako epaia kaleratu zuen. Del Rio askatzeaz gain, 30.000 euroko konpentsazioa ordaintzera zigortu zuen Estatua.

Marea urdina jaietan

Bestalde, Gasteizko Herrirak jaietarako egitarau berezia aurkeztu zuen atzo. Euskal preso eta iheslariek jasaten dituzten eskubide urraketak kalean ikusgai egiteko helburuarekin prestatu dituzte aurtengo ekintzak.

Zeledon bera zapi urdinarekin jantzi zuten aurkezpenean, eta salatu zutenez, egun, sakabanatuak dauden 39 gasteiztarretatik bik gaixotasun larriak pairatzen dituzte: Gotzone Lopez de Luzuriaga eta Jose Ramon Lopez de Abetxuko, hain zuzen.

Batak bularreko minbizia dauka, eta hori sendatzeko tratamendua baldintza ezin okerragoetan jasotzen duela salatu dute. Lopez de Abetxukoren kasuan, bihotzeko arazo larriak izanagatik ere, espetxean daukatela gaitzetsi zuten. Orobat, Herrirak-ek, Iosu Uribetxeberriaren egoera larria nabarmendu zuen. Hori dela-eta, jaietan «marea urdinarekin bat egiteko» deia egin dute.

Hilaren 3an hasiko dituzte jaiak txupinazo urdinarekin, 20.00etan, Andre Maria Zuriaren plazan. Hilaren 4an, txupinazo ofizialean presoen aldeko banderolak banatuko dituzte; eta abuztuaren 5ean Herrira Eguna ospatuko dute: bazkariaz gain, txosnaguneraino kalejira egingo dute 21.00etan, blusekin batera, marea urdinean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo