GARA > Idatzia > Kultura

Udate | gasteizko jaiak

«Brisa sortzen» jakin zuten bertsotan Egañak eta Lujanbiok

Txanoak, haizemaileak eta nola halako guardasolak, beroa nagusi izan zuen saioan, atzo, Gasteizko Aihotz plazan. Andoni Egañak eta Maialen Lujanbiok aulkietara iltzatuta izan zituzten ikus-entzuleak. Publiko hori bera izan zen bertako «brisa» bakarra, bertsolariek esan legez.

p053_f02_244x070.jpg

Amaia GARTZIA | GASTEIZ

Iaz haizeak jarri omen zion pañueloa buruan, nahiago luke aurten balego iazkoaren moduan. Haizea bertsoen suspertzaile izan bazen pasa den urteko jaietako bertso saioan, ziur aurten Egañak faltan bota zuela zapi independentista, bere hitzetan, «Doña Rogelian gisan» jarri zion haizea, eguzkiak erruz jo baitzuen atsedenik eman gabe atzo Aihotz plazan.

Aroaren gorabeherei nolabait aurre hartuta, aurten hiruzpalau sonbrilla jarri zituzten batzuen gozamenerako, baina Maialen Lujanbiok iragarri bezala: «Gero itzaletan egongo dira, orain eguzkitan daudenak». Egaña, bere aldetik, Aihotz plaza hau «mikroklima» berezi baten jabe zela ohartu zen, «ideiak urtzeko» modukoa: «Batzuei ilea berotzen zaie, eta besteoi burua». Lujanbiok, ordea, argi erantzun zion: «Hainbeste txapel dituen gizonak, bisera bat behar zuan».

Zarauztarrari bereziki izerdi tanta bat baino gehiago eginarazi zion beroaz aparte, hainbat gai jorratu zituzten bi bertsolari gipuzkoarrek: murrizketak, Green capital delakoa, tradizioen haustura, gipuzkoarren etorrera «masiboa» eta funtzionarioak, gasteiztarren gozamenerako bertsogaiak izan ziren.

Hala, «murrizketaren summum» bezala deskribatu zuen Egañak oholtzako toldoa ertzaren pare jartzea, eta ondorioz, bero horren eraginak pairatu behar izatea. Gainera, neurri murriztaile horiek, «behar ez lukeen tokian» egitea egotzi zioten Javier Maroto alkateari.

Tradizioen hausturan, Egañak, noizbait Zeledon emakumea izango ote den galdegin zuen. Lujanbiok azkar erantzun zion baina, berriki aldatutako Zeledonen aterkia baino aldaketa handiagoak beharko direla. Bertsolaritzan ere ez zela espero, eta Maialen bera agertu zela erantzun zion zintzoki Egañak, nahiz eta bere ziztadatxoa eman gabe ezin geratu, eta «Elkano gehio ematen dezu, desenbarko egunean», bota zuen, publikoaren barre eta Lujanbioren begirada zorrotzaren pean.

Horren harira, beste gai baten bideari ekin zion hernaniarrak, Araban gertatutako gipuzkoarren «desenbarko» handia aipatuz, eta publikoaren mesedea «galtzera» eraman zuen amua irentsi zuen Egañak, zenbait txistu hots entzun baitziren ikusle erdiak «giputzak» zirela baieztatu zuenean. Damu aurpegia antzeman zitzaion Egañari Lujanbiori behatza altxatzeko zenbaketa proposamenak ezpainetatik irrist egin zionean, baina azkenean «gipuzkoano eta funtzionario, sinonimo dira hemen» «maltzurki» erantzutera mugatu zen Lujanbio, nahiz eta bukaeran txistu horiek gipuzkoar ala arabarrenak ziren itauntzera ausartu zen.

Hurrena, Egaña, «funtzionarioen aitzindaria» izandakoari eskaini zizkioten bertsoak. Lan hura uztearen damurik ezaz eta bertan egunkariak «leitzeko» patxadatxoa ekarri zituen gogora, baita orain erretiro urrun ikustearen arazoa ere. Goiuri jauregian zazpi urtez lan egin zuen Egañak. Bere hitzetan lan aspergarriagorik ez zuen ezagutu.

Azkenik, bere bertsolari sena suspertu zion Txusta tabernarentzat hitzak izan zituen Egañak, iaz bezala. Hori guztia, edonor loguratzeko moduko eguzki galdatan, eta halere, entzuleek erne eutsi zioten Aihotz plaza betean. Egunero euskara ureztatzen duen euskaldunen topagunean, Lujanbiok esan bezala.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo