GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikas-Bi, hezkuntza euskaldun eta frantsesaren arteko gatazka txikitzeko bidean

Ikas-Bi eta Ikasleen Gurasoen Kontseiluen Federazioa (FCPE frantsesezko siglak) elkarlanean ari dira, euskarazko eta frantses hutsezko hezkuntza ereduen artean sortzen diren gatazkak txikitzeko asmoz.

p014_f01_111x111.jpg

Idoia ERASO |

Azken urteotan ikasturte hasieran ohikoak diren irakasleen lanpostuen eskasiak gatazkak sortzen ditu hezkuntza euskaldun elebidunaren eta frantses hutsekoaren artean. Ikas-Bik, hezkuntza publikoko ikasle elebidunen elkarteak eta Ikasleen Gurasoen Kontseiluaren Federerazioak (FCPE frantsesezko siglak) norgehiagoka hori amaitzea nahi dutela adierazi dute.

Lanpostuen gatazkak gizartean euskararekiko sortzen duen irudi txarra emendatzen ari dela nabarmendu zuten, V. Inkesta Soziolinguistikoak izan dituen emaitzak adibide jarrita. Inkestak erakutsi zuenez, euskararen aurkako iritzia adierazi zuten pertsonen portzentajeak gora egin du, %12,7tik %21,3ra. «Duela hiru urte xantaia egiten digute, euskarazko lanpostu bat sortzen baldin bada, frantsesezko bat kentzen dute. Urdiñarbe, Heleta eta Biarritzen frantsesezko irakasle postu erdi bat ari gara defendatzen», adierazi zuen Ikas-Bi elkarteko lehendakariorde Mixel Estebanek.

Ikasleen gorakada lanpostuetan ez dela nabaritu ere azpimarratu zuen Ikas-Biko lehendakari Thierry Delobelek: «Gero eta haur gehiago dira hezkuntza elebidun publikoan, bereziki BABen, baina ez da lanpostuetan ikusi».

Aurten joan den urtean baino 300 haur gehiago dira sare elebidun publikoan, orotara 5.070 ikasle egiten duelarik. Eskola publikoen %51n euskara eskaintzen dutela eta bertako haurren erdiak euskara hautatzen dutela gehitu zuen Ikas-Biko lehendakariak.

Euskara publikoan

«Euskararen hezkuntzaren berreskuratzea hezkuntza publikotik besterik ezin da gauzatu. Ez eskola minoritarioen eskutik», adierazi zuen FCPEko presidente Dominique Roussetek Seaskako ikastolei erreferentzia eginez. Ipar Euskal Herrian Lehen Hezkuntzan diren 25.652 ikasleetatik 17.173k eskola publikoetan ikasten dute.

Heldu den urtean 30 urte beteko dira Sarako eskola publikoan lehen adar elebiduna sortu zenetik. Hori dela-eta, Ikas-Birentzat 2013a ospakizun urtea izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo