GARA > Idatzia > Kultura

Euskal kultura New Yorken, Basque Cultural Exchange egitarauren bitartez

GARA | DONOSTIA

Euskal kulturak berezko tokia izango du New Yorken udazken honetan, Etxepare Euskal Institutuak antolatu duen Basque Cultural Exchange egitarauari esker. Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak azaldu zuenez, programa New Yorkeko sona handiko lau gunetan gauzatuko da: City University of New York (CUNY), New York University (NYU), Anthology Film Archives eta New Yorkeko Cervantes Institutuan.

Lau izango dira baita programak jorratuko dituen gai nagusiak: euskal zinemagintza; Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena; «Gernikako ikurretik gaur egungo ikonoetara» gaiari buruzko hausnarketa; eta euskarazko musikaren historiaren gaineko begirada. Goenagaren esanetan, «oso egitarau aberatsa da, erakunde askoren arteko lankidetzari esker osatu dena, eta azpitik sare moduko bat daukana, ekitaldi guztiak elkarri lotuta daudelako».

City University of New Yorkeko (CUNY) Graduate Center-en inauguratu zen Bernardo Atxaga Katedrarekin zabalduko da programa. Aurtengoan Euskal Zinemagintzaren Historia izango du aztergai katedrak.

Joxean Fernandez «irakasle egokiena» izango zela ikusi zutela adierazi zuen Mari Jose Olaziregik, Etxepare Euskal Institutuko euskararen sustapen eta hedapenerako zuzendariak, Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria eta Historia Garaikidean eta Zinemaren Historian aditua izateaz gain, Nanteseko Unibertsitateko irakasle titularra ere badelako.

Halaber, Euskal Filmategiaren partaidetza ezinbestekoa izan da Anthology Film Archives kultuzko filmategian urriaren 6tik 9ra bitartean eskainiko den «Gerra Zibila Euskal Herrian» gaiaren inguruko zikloa antolatzeko.

Bestalde, kultura eta enpresa munduan gertatzen ari den nazioartekotzea eta euskal ikurren etorkizuna aztertuko dituzte «Euskal ikonoak munduan» mahai-inguruan. Kukuxumusu enpresako sortzaile eta zuzendari artistiko Mikel Urmeneta, Donostiako Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinos eta Mondragon Korporazioko zabalkunde kooperatiborako zuzendari Mikel Lezamiz arituko dira.

Musikari dagokionez, Mikel Laboaren «Baga biga higa» kantuaren izena hartu dute Mikel Markez eta Eñaut Elorrietak beren multimedia kontzertuari izena emateko. Kultur transmisioa eta euskal musikagintzaren historia, erreferenteak eta zaletasuna sustatu nahi duen egitasmoa da eta euskaraz abestutako musikaren historiaren gaineko begirada eskainiko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo