GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

alpeak «Summits of my life»

Ziztu biziko jarduera Kilian Jornetek sinatutakoa Mont Blanceko bihotzean

Lasterkari eta alpinista katalanak 8h 42min 57 s behar izan du Courmayeur, Mont Blanc eta Chamonix lotzeko. Alpeetako mendi garaiena igotzeko «Innominata» bidea (1.000 m, D+) aukeratu zuen.

p047_f01_148x192.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Kilian Jornetek ez du aurkezpenik behar. Aipamen eta elkarrizketa bat baino gehiago egin dizkiogu mendi lasterketetan zein eski alpinismoko lehietan sinatu duen urrezko palmaresaren inguruan. Hitzordu garrantzitsuenak irabazi ditu, baina, hala ere, ez da aspertzen eta lehiatzen jarraitzen du. Hori bai, irakurle askok agian ez du jakingo lasterkari eta eskiatzaile bikaina izateaz gain, alpinista eta eskalatzailea ere badela. Eta, hain zuzen ere, azken eite hori gaitasun fisikoari gehitu eta «Summits of my life»erronkari heldu dio.

Munduko mendi enblematiko batzuk ziztu bizian igo nahi ditu; hots, errekorrak ezarri nahi ditu. Elbrus, Everest, Mont Blanc... dira batzuk. Bada, Alpeetako mendi garaienena helburu izan du. Eta sinatu duen xedeak ahoa bete hortz utzi du bat baino gehiago. Courmayeur-Mont Blanc-Chamonix 8.42.57 denboran egin du. Eta aipatutako tontorrera heltzeko «Innominata» bidea (1.000 m, D+) aukeratu zuen. Guztira, 42 kilometroko ibilbidea, ia 4.000 metroko desnibela, 60°-ko aldatsak, V+ luze bat... Eta den-dena bakarka eta inolako laguntzarik gabe.

Katalanaren ezohiko gaitasunei, baldintza egokiak gehitu zitzaizkien: «Nire helburua 10 ordutik jaistea zen, eta lortu egin dut. Aitortu behar dut eguraldiak eta mendiak zituen baldintzek erabat lagundu nautela. Hainbat tartetan urratsa zabaldu behar izan dut, baina ez dit buruhausterik eman. Beldur handiena glaziarraren egoerarekin nuen, eta ez zuen arriskurik».

2 h19 min jaitsierarako

Bi kilo eta erdiko bizkar-zorroa hartu, eta martxan jarri zen Jornet. Glaziarra arazorik gabe gainditu ostean, Eccleseko bibakera heldu zen. Dena primera zihoan. Orduan, «Innominata» bidean sartu zen. Ertz horrek zati teknikoak ditu, eta katalanak argi asko erakutsi zuen tarte horiek ondo menderatzen dituela: «60°-ko aldatsak eta V+ graduko luze bat gainditu behar nituen. Zorionez, arrokazko tarteak izotzik eta elurrik gabe zeuden, eta eskalatzeko baldintzak ezin hobeak ziren».

«Innominata» bidean ere ia «hegan» egin zuen; izan ere, bi ordu eta 47 minutuan eskalatu zuen. Datuak oso esanguratsuak dira: Courmayeuretik goizaldeko ia lauretan irten zen, eta Mont Blanceko gailurrean zegoen goizeko hamarrak eta laurdenetan. Bi puntu horiek lotzeko, beraz, soilik 6 ordu eta 17 minutu behar izan zituen.

Tontorrean bost minutuko atsedenaldia hartu ondoren, zazpigarren martxa jarri eta Chamonixera begira jarri zen Jornet. Han zuen hemuga. Jaitsiera 2 ordu eta 19 minututan sinatu zuen! Kontuan hartzen badugu gailurrak 4.810 metro dituela eta Chamonix 995 metrora dagoela, katalanak jaitsieran eginiko denborak estralurtar batena dela dirudi.

8 ordu eta ia 43 minutu, horixe da Jorneten azken erronkak markatzen duena: «Pozarren nago. Xede honek egundoko ilusioa egiten zidan, eta nire helburua bete egin dut. Eskaladan arreta jarri behar izan dut, baina gozatu dut».

8 h 42 min 57 s

Kilian Jornetek denbora hori behar izan zuen Courmayeur-Mont Blanc-Chamonix ibilbidea egiteko. Alpeetako gailur garaiena igotzeko «Innominata» bidea aukeratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo