GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Venezuelak bere etorkizunaren norabidea, oraingo bidea edo zaharra, erabakiko du asteon

Sei egun barru, Venezuelako herritarrek beren presidentea hautatu eta, beraz, herrialdeak duela 13 urte abiatutako norabideari jarraitzen dion ala molde zaharretara joko duen erabakiko dute. Inkesta gehienek Chavezen garaipena iragarri badute ere, ez dago ezer erabakita. Ukaezinak dira XXI. mendeko sozialismoak Venezuelan oinarrizko arloei dagokienez egindako urratsak, munduan neoliberalismoak bidegabekeriak eta desberdintasunak areagotu dituen bitartean. Urrats horiek begien bistakoak dira; izan ere, herritarren ongizatearekin zerikusirik ez duten kanpo eta barne interesen propagandarik baldresenak baino ez ditu ukatzen. Igandean, hasitako bide horri eutsi edo lehengora itzultzea erabakiko dute venezuelarrek, beste hainbat tokitan baino garbitasun berme sendoagoarekin, nahiz eta litekeena den oposizioak, garaipenik lortu ezean, oraingo gobernuari iruzurra egotzi eta emaitzak ez onartzea. Edonola ere, azken urteetan Venezuelan izan diren hauteskunde prozesuek ez dute zalantzarako tarterik utzi, nazioarteko begiraleek -hala nola Chavezen aldekoa izatearen inongo susmorik sortzen ez duen Jimmy Carterrek- ziurtatu dutenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo