GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Besteen kontzientzia II

Françoisek Xavieren kontzientzia askatasunaren kontra egiteko inolako asmorik ez du eta, hala ere, neskaren maitasuna irabazi nahi badu haren kontzientzia menperatu beharko du, irentsi. Xaviere, baina, ez da txikikeriatan ibiltzen. Françoise oztopo bat da berarentzat Pierrerekin izan nahi duen harremanari begira. Are gehiago, gorroto du Françoise bera baino hobea dela uste duelako. Paradoxikoki, Françoise laster ohartuko da bera eta Xaviere ez direla hain ezberdinak. Berak, neska gazteak bezala, jeloskor sentitzeko eta gorrotatzeko gaitasuna du.

Elkar ulertzea eta errespetatzea oinarri dituen bere pentsamendu filosofikoarekin bat ez datozen sentimenduak dira horiek, eta hala ere, izan baditu. Eta sufritu egiten du horregatik. Bere buruari onartzen dio Xaviere oztopo bihurtu zaiola, erditik kendu behar duela. Haren kontzientziaren kontra egin beharko du, suntsitu bere kontzientzia garaile atera dadin. Pentsamendu hori izan eta berehala dator damua. «Anéantir une conscience. Comment puis-je? pensa Françoise. Mais comment se pouvait-il qu'une conscience existât qui ne fût pas la sienne? Alors, c'était elle qui n'existait pas. Elle répetá: `Elle ou moi'».

Ez dago beste biderik: Françoisek aukeratu egin behar du bere kontzientziaren eta bestearen kontzientziaren artean. Eta «[e]lle s'était choisie». Pierrekin duen harremanean ez dago hirugarren pertsonentzako tokirik. Are gehiago, Pierrekin izan nahi duen harremana bakarrik bide bat hartuta da posible, hau da, baldin eta bere subjektutasunari eusten badio. Hura materializatzearren bestearen kontzientzia deuseztatu behar du, objektu bihurtu.