GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Arrate Illaro eta Manuel Moreno Topagunekideak

Asko dugu ospatzeko

Asko dugu ospatzeko eta ez dugu aukera galduko, horrexegatik antolatzen ditugu jai egunak. Horixe baitira, batez ere, Mintza egunak; ondo pasatzeko, jende berria ezagutzeko, aspaldiko lagunekin egoteko, entzun eta hitz egiteko, barre egiteko, ondo jan eta edateko, abesteko, motibatzeko, dantzatzeko... egunak.

Hori guztia da urriaren 20an, larunbata, Murgian egingo duguna, bertoko Mintzalaguna batzordeak (Bidabarri, Lan eta Jolas, Kirikio, Txirritola, Kuadrila) eta Topaguneak antolatutako egunean, Arabako Foru Aldundiaren, Zuiako Udalaren eta Zuiako Kuadrillaren babesarekin.

Araban, zehazki, hauxe da ospatzeko duguna: Kuadrilla guztietan dagoela mintzapraktika egitasmoren batean parte hartzeko aukera, 900 lagun baino gehiago elkartzen garela asteroko hitzorduetan, ekintza osagarri eta ireki asko antolatzen dela han eta hemen Mintzalaguna/ Berbalaguna egitasmoen inguruan, euskara elkarte eta erakunde ezberdin asko dabilela antolakuntzan eta laguntzen, programaren aldaera berriak ipini ditugula martxan; gurasolaguna, gaztelaguna... eta, batez ere, hedatzen, berritzen, garatzen, indartzen, euskaraz bizitzen... jarraitzeko gogoa dugula.

Milaka arabar euskaldun, urtez urte gero eta gehiago, gainera. Hala ere, gutxiengo izaten jarraitzen dugu eta sakabanatuta bizi gara, sarritan elkar ezagutu gabe eta berezko harreman sare euskaldunak osatzeko aukera gutxirekin. Horrexegatik izaten da hain arrakastatsua Mintzalaguna arabarren artean; euskaldunok harremanetan ipintzen gaituelako, euskaraz bizitzeko baldintzak sortu eta aukeran eskaintzen dizkigulako.

Harreman sare euskaldun horiek osatu, zabaldu eta trinkotzeaz batera, euskaraz ari diren beste dinamika kultural, sozial, komunikatibo edo aisialdikoekin konektatzea da euskaraz bizitzeko arabarrok dugun aukerarik onena. Baliatu dezagun, bada.

Arabako Mintza Eguna aukera horietako bat izango da. Jai egun bat, mintzalagun egitasmoetan dabiltzan ehunka arabarrei, baita ez dabiltzanei ere, elkar ezagutzeko eta elkarrekin eta euskaraz ondo pasatzeko aukera eskaini nahi diena.

Asmo horrekin prestatu dugu egitaraua eta honako ekitaldiak izango ditugu; harrera kultur ekitaldia, ibilbide mitologiko gidatua, Mintza-proba txapelketa, kantujira, herri bazkaria, bertso-antzerki saiotxoak, dantzaldia eta kontzertua.

Eman diezaiogun bultzada eta hasiera ederra Mintzalagunaren ikasturte berriari eta, bide batez, aukera ezin hobea gure euskarari eta bizi pozari.

Arabako mintzalagun eta berbalagun guztiak, etorri Murgiara, urriaren 20an. Asko dugu ospatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo