GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baterak argitu du «lurralde elkargo berezia» dela guztien eskaera, deiturak deitura

Ipar Euskal Herria aitortuko lukeen Lurralde Elkargoaz zehaztasunak eman ditu Baterak, deiturari buruz sorturiko nahasketa argitzeko. Konstituzioak dioen eran, hautaturiko ordezkariak, legeak finkatutako eskumenak eta fiskalitate propioa izatea dira egituraren oinarriak.

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Azken egunotan Merkataritza eta Industria Ganberatik eta Hautetsien Kontseilutik bertatik Ipar Euskal Herrirako erakunde propioaren eskaera izendatzeko orduan erabilitako deiturek («kontseilu nagusi berezia» edo «departamendu indartua», esaterako) nahasmena sortu dute. Atzo Baionan egindako agerraldian, Baterak argi utzi nahi izan zuen, «deitura desberdinak gorabehera, lurralde elkargo bereziaz ari direla guztiak».

Nicolas Blain plataformako kideak azaldu zuen juridikoki hiru zutabetan oinarritzen dela egitura hori: «Batetik herritarrek zuzenean hautatutako asanblea bat izan behar du; bigarrenik, legeak jasotzen dituen eskumenak ditu eta, azkenik, eskumen horiek aplikatzeko fiskalitate propioa du. Hori da Hautetsien Kontseilutik bultzatzen dena. Kontzeptu eta edukietan ados gara, eta deiturak deitura, hori da inportanteena».

Argi geratu zen, baita ere, «inork ez duela esaten egitura instituzional berri bat gehitzea eta, hortaz, nahitaez Pirinio Atlantikoetako departamendutik bereizitakoa beharko lukeela». Adituen txostenak aipatuta, Martine Bisautak gaineratu zuen, praktikoki, politikoki eta juridikoki ere ez litzatekeela bideragarria: «Adibidez, fiskalitatearen alorrean legeak exijitzen duen berdintasunarekin talka egingo luke lurralde elkargo bat egungo Departamenduaren baitan sortzeak. Eta zeresanik ez, egitura bakoitzak bere gain hartuko lituzkeen ardurak banatzeko orduan. Ez da beste irtenbiderik, Departamendua zatitu egin beharko da».

Proposamena sakontzen

Euskal Lurralde Elkargoaren barne antolaketa, hauteskunde sistema, ordezkaritzak, exekutiboa, fiskalitatea eta beste hainbat gairi buruz bere proposamenak egiten segituko du Baterak.

GIZARTERATU

Hautetsiez gain, herritarrek ere Lurralde Elkargoaren eskaera bere egin dezaten, mobilizazioak eta informazio ekimenak prestatzen ari da Batera plataforma.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo