GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Euskarazko hedabideak babestea gomendatu du Europako Kontseiluak

 

GARA | DONOSTIA

Europako Kontseiluak hizkuntza gutxituen erabileraren garrantzia nabarmentzen duen txosten zabal bat plazaratu zuen atzo. Bertan, beste gauza askoren artean, Estatu espainolari eskatzen dio Euskal Herrian euskarazko hedabideei garrantzi handiagoa ematea.

Nafarroari dagokionez, zehazki, txostenak dio gomendagarria dela, euskara hizkuntza gutxitua izanik, gutxienez euskarazko irrati eta telebista kate bana izatea, eta horretarako baliabideak edo erraztasunak jarri beharko lituzkeela Estatuak.

Europako Kontseiluak dioenez euskaldunek Nafarroa osoan eskubide hori izan behar dute, eta hori bermatzeko Euskal Autonomia Erkidegoarekin lankidetza beharrezkoa bada, hala egin beharko litzateke.

Euskalerria Irratia aipatzen du txostenak, Iruñeko euskarazko irrati bakarra, eta hari lizentziarik ez emateko erabakia berraztertzeko eskatzen dio Nafarroako Gobernuari, hain zuzen, irrati horri bultzada eman behar lioketen arren, «askotan lizentzia prozesutik at gelditu da, baita urteroko diru laguntzen banaketatik kanpo ere», nabarmentzen du.

Horregatik, Europako Kontseiluak gai honi buruzko informazioa eskatu zuen, eta ondorioztatu zuen dagokion agintaritzak Nafarroan euskarazko irrati pribatu baten sorkuntza bultzatu beharko lukeela.

«Euskalerria Irratia gune mistoan kokatzen denez, jakinarazi digute lizentziarik gabe emititzen duela, eta horregatik 30.000 euroko isuna jarri ziotela. Irratiaren arduradunek errekurtsoa aurkeztu zuten. Agintariei jarrera abegikorragoa hartzeko eskatzen diegu, irrati honek eskaintzen duen euskara hutsezko saioak Nafarroako euskal hiztun guztiengana irits daitezen», dio txostenak.

Beharra ase gabe

Txostenak Xorroxin Irratia ere aipatzen du, euskara hutsezko tokiko irratia, eta dioenez, badaude tokiko beste lau kate ere egunean 3-5 orduz euskara hutsean emititzen dutenak. «Hauek Gobernuaren laguntza pixka bat jasotzen dute, baina Kontseiluan uste dugu ezegonkorrak direla».

Orokorrean, txostenaren gogoeta da Nafarroan euskarazko hedabideak izateko dagoen beharra erdizka asetzen dela, eta beraz, agintariek laguntza eskaini beharko luketela.

Euskal Autonomia Erkidegoa ere aipatzen du txostenak, eta euskara babesteko neurriak «positiboak» direla uste du. Hala ere, komunikabideak euskara erabiltzen duen komunitate osoarentzat eskuragarri izatea sustatu beharko litzateke, EITB Nafarroan ikusi beharko litzatekeela nabarmenduz.