GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

10ean Baionan egoteko prestatzen

Manifestaldia prestatzeko ahaleginetan euskaldun abertzale guztiak ariko gara, gure oinarri politikoen isla baitira denak. Haiekin batera soilik askatuko baikara

Alderdi Sozialistaren kongresua iragan da Tolosan (Okzitania). Frantses Gobernuak ez du herritarren baitan esperantzaren biderik irekitzen. Zailtasunak dituztenen aldeko erabakien hartzeko ausardia izanen zela Parisen pentsa zitekeen. Pixkanaka ideia airatzen hasi da.

Gero eta zerga gehiago erabakitzen dira, beti berberak hunkituz. Azkenetan erretretan daudenei zerga gehigarri bat ezarri diete. Irabazi handienak dituztenei igo dizkietela ere badiote, oreka gisa; alegia, asko irabazten dutenei araberako zergak inposatuko balitzaizkie bezala. Eta guk isilik egon behar! Hala dirudi gainera, botatzen dituzten berri sailetan ez baitu ematen protesta handirik gertatzen denik!

Alta, hurbilagotik begiratuz, bada eremu bat non mugimendu nahiko ikusten den, justuki lehen ministroa diputatu egon den eskualdean, Nantes inguruan. Han aireportu bat eraiki nahi baitute. Proiektu erraldoia, sekulako protestaldia sortu duena eta frantses arduradunek polizia eta errepresioa baizik ez dute ezadostasun horri aurre egiteko. Uste genuen Ayrault jaun lehen ministroak kontzertazioa eta elkarrizketa hobesten zituela. Bada zerbait joaten ez dena Notre-Dame-des-Landes herrian, ez baitute horrelakorik ulertzen beltzez jantzitakoak zapaltzera etortzen diren horiek parean dituztelarik.

Kontzertazioa eta elkarrizketa ez dira ere Valls Barne ministroaren lehentasuna. Goraki esan du, frantses senatarien aurrean egindako diskurtsoan, ETA desegin aurretik ez zela politika aldaketarik izanen frantses Gobernuaren aldetik. Zaila da Poliziaren ordezkariarengandik beste diskurtsorik goaitatzea. PPko politikari baten hitzak izan ditu. Bakerako bideak hesteko lerroan jarri da.

Joan den 21eko hauteskundeen emaitzak frantses Gobernuak eta alderdiek ez dituzte demokratikoki iragandako hauteskunde normaltzat hartu, kezkagarri diren irizpide gisa baizik. Hasiak dira gogoetatzen independentziaren aldeko jarrerak nola gelditu. Haiek demokraziaz duten ikusmoldea hetsia baita, demokraziak boteretsuen alde egin behar baitu. Ahulak besteek erabakitakoa onetsi behar bailuke.

Politikak bere bidea jarraitzen du, UMPtik PSra pasatu gara, ez da deus aldatu, herritar asko etxerik gabe gelditzen dira neguaren bezperan, langabezia tasa etengabe gora doa, alderdi batetik bestera pasatuz erabakiak osten dizkigute, bizi baldintzak okertzera doaz eta faktura guri, herritar arruntei, pasatzen digute. Politikariek gezurrak erraten jarraitzen dute, ez diegu sinesten deus gehiago.

Haatik, gurearekin jarraitzen dugu, arazo handia dugu gure herrian, gure ibilbidearen erdi- erdian dagoena, gure ibilbide politikoa galdekatzen duena, geroko politikan garrantzi handia duena, denak kezkatzen gaituena, eta preso-iheslari guztiak etxeratu arte gure indar eraginkorrenak, zintzoenak eta maitekorrenak mugituko dituena.

Azaroaren 10eko manifestaldia prestatzeko ahaleginetan euskaldun abertzale guztiak ariko gara, gure oinarri politikoen isla baitira denak. Haiekin batera soilik askatuko baikara. Horretaz abertzale denak jabetzen garenez, azaroaren 10ean Baionan egonen gara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo