GARA > Idatzia > Kultura

Hezkuntzaren «zentralizazio atzerakoia» salatu du Galeuscak

Donostiako San Telmo museoa Galeusca federazioaren topagune izan da asteburuan. Ahozkotasuna abiapunturako gai hartuta, idazle katalan, galego eta euskaldunak hizkuntz gutxituekin lotutako zenbait gai aztertu dituzte, horien artean hezkuntza eta komunikabideak.

GARA | DONOSTIA

1984tik urtero Galizian, Euskal Herrian eta Katalunian txandaka egiten den biltzarraren aurtengo ondorioak ezagutarazi zituzten atzo. Erakunde publikoei hainbat kritika eta eskaera egiten dizkiete, batez ere literaturak askoz presentzia handiagoa izan behar duelako hezkuntza-sistemaren maila guztietan, Donostian bildutako idazleen aburuz. «Betiere -gehitu zuten- kontuan hartuta, hezkuntza-esparru arautuak eta zentralizazio atzerakoia helburu duten garaiotako azken berrikuntzek bereziki, ukatu egiten dutela Estatuko literatura gutxituen izatea».

Eskaera bera egiten dute ahozkotasunari dagokionez -«usadioz izan duen neurrira bakarrik mugatua izatetik at, gaur egun ere errealitate bizi gisa baitirau»- eta memoriaren berreskuratzeari dagokionez, ahalegin berezia eskatzen diete erakunde publikoei, «batez ere ekimen herrikoiei lotuak direnentzat eta espazio publikora sarbide urriak dituztenentzat. Era berean, gizarte osoari dei egiten diogu eginkizun horretan buru-belarri sar dadin».

Galeuscan bildutako idazleek gogor salatu dute Estatuko hedabideen jokamoldea -«gobernu-egituren ekimeneko politiken islatzat» jotzen dituzte-, batez ere «gure nazioetan egiten diren literatur eta kultur ekimenak ukatu eta ezkutatu» egiten dituztelako. Bestalde, «kultur industriek eta hedabideek sortutako eduki hutsal eta iheskorren aurrean, kultur esperientzia sustraidun, konprometitu eta kritikoak sartu eta bultzatzearen alde» egiten dute.

BURUJABETASUNA

«Gure literaturak elikatzen dituzten gizarteetako partaide garenez, eta gure hurrenez hurreneko nazioak burujabetza-mailarik handienak lortzeko helburuarekin bizitzen ari diren historiako prozesuekiko alboratuta ez gaudenez, gure errealitate nazionalen eta ondorioz gure kulturen eta literatur sistemen normalkuntza osoa lortzeko lanean jarraituko dugu», adierazi zuten idazleek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo