GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Auto(z) laguntza(z) liburua(z)

Telebistari begira hiru lagun egongelan. Haurra lo sehaska txikian. Soinu arraroak egiten ari da, kexuka dela dirudi, baina berriro loaldi gozora itzuli da. Kexu eta lo, kexu eta lo, errepikapen berberean jarraitzen du denbora batez. Ametsetan ari dela dio amak alboko besaulkitik burua luzatzen duen bitartean. Ez dio garrantzia berezirik ematen, eta bizkarra atzera bota du berriro, atseden bila-edo.

Ondoko sofan ditu beste bi lagunak. Beheko tabernan erositako ogitartekoei zilarrezko papera kendu diete, eta plastiko hotsak haurra berriro mugiarazi du. Isilago ibiltzeko eskatu du amak. Lasai dago berriz egongela.

Laugarren katean `Supernanny'. Madrilgo familia batekin bildu da oraingoan. Hiru seme-alaba dituzte, nor baino nor txikiagoak, eta amaren sabelari erreparatuz gero, laugarrena ere bidean dela dirudi.

Arazoak dituzte etxean. Zaharrena atentzioa deitzen ari da une oro, erdikoak besteak egiten duen berbera egiten du, eta txikienak ez du bakarrik bazkaldu edo afaldu nahi.

Aita iritsi da lanetik etxera. `Supernanny'-k familian dituen arazoei nola aurre egin erakutsi nahi dio. Buruarekin baiezkoa ematen dio aitak. Sukalderako bidea hartu du. Sakelakoarekin hizketan ari da, egongelan hiru haurrek gerra berpiztu badute ere. Nekatuta ei dago, lanetik iritsi berri eta suak itzaltzeko gogo gehiegirik gabe.

Iragarkien txanda eta haurra berriz kexuka. «Atseden» tartea egoeraren analisia egiteko baliatu dute amak eta lagunek. Aitaren jarrera begiz jo dute lehenengo, alfertzat joz. Ama ere larrutu dute, haurrak bere tokian jartzeko gaitasun faltagatik.

Spotak amaitu aurretik jaso dituzte ogitartekoak biltzen zituzten zilarrezko paper zatiak, eta hiru pelotatxo utzi dituzte egongelako mahai txikiaren gainean. Hankak luze eta zabal eginda eta sabela beteta egoerari buelta gehiago ematen jarraitzen dute. Laguntza eta gida liburuez bete zaie ahoa, gomendioz eta egin beharko litzatekeen horretaz eta besteaz, hangoaz eta hemengoaz, aurrean duten haurra amets gozo hartatik ogitartekoa jaten hasi aurretik esnatu bazaie ere. [@arianekamio]

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo