GARA > Idatzia > Kultura

Andoni TOLOSA«MORAU» Musikaria

EHko talderik politikoena

Zein da EHko talderik politikoena? Su Ta Gar, Fermin Muguruza, Berri Txarrak, Esne Beltza? Zaila da erantzuna. La Oreja De Van Goh esango du baten batek, talde baten politizazioa politika jakinetatik lortzen dituen onurekin ere neurtzen dela argudiatuta. Ados, izugarri zaila da saria jasotzeko izen bakarra adostea. Hain dago politikari lotuta gure musikagintza. Espainiar komunikabideei kasu eginda Pirritx Porrotx eta Marimotots lirateke, adibidez, nostalgikoentzat Pantxoa eta Peio, erradikalentzat Akauzazte... horrela jarraitu dezakegu... ala ez.

Inongo rankingi hasiera eman gabe, baina modu kategorikoan, esan dezaket badakidala zein den titulua jasotzeko hautagai perfektua; Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zalantza izpirik gabe berau da EHko talderik politikoena. Zuzendaritza politikoa dauka eta politikak erabakitzen ditu bere emanaldiak, baita emanaldi horien programak ere. Jakin nahiko nuke politikak eta, batez ere, politikariek, noraino baldintzatzen duten orkestraren norabide musikala. Sartu gabe bestelako etxeko kontuetan. Ez naiz hasiko herri musika eta musika «kultuaren» arteko ezberdintasunen gainean filosofatzen, nahiz eta gaiak luzarorako eman dezakeen. Ez daukat asmorik musika kultuak agintariekiko duen morrontza azpimarratzeko, musika ederrak idazten dira tirano krudelen ohoretan. Baina amets bat kontatu nahi dizuet.

Bart amets egin nuen. Eta nire ametsean, horrelakoak egiten ditut nik, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak baldintza bat jartzen zion euskal rock talde ezagunenetako bati harekin elkarlanean aritzeko; Sarrionandiaren hitzak zituzten kantuak alboratzea, alegia. Deep Purpleren Concert For Group & Orchestra entzuteko gogoarekin esnatu naiz. Psikoanalistari kontatu beharko diot.