GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Egiarekiko konpromisoa zigortu nahi zuten

Costas Vaxevanis greziar kazetari eta «Hot Doc» aldizkariaren zuzendaria epaitu dute, Suitzan kontu sekretuak dituzten 2.000 herrikideren «pribatutasuna urratzeagatik». Argitaratu zituen datuek iruzur fiskal ikaragarria agerian utzi zuten. Gobernuak ez zuen neurririk hartu eta, horretara, Greziako kontu publikoen harrapaketa estali egin zuen. Ez zituzten iruzurgile boteretsuak jazarri, eta delitua salatu zuena gogor zigortu nahi zuten. Azkenean absolbitu egin dute, baina auzi horrek agerian utzi ditu zenbait gauza dagoeneko. Vaxevanisek kazetaritzarekiko eta egiarekiko duen konpromiso txalogarria erakutsi du, eta haren kemenak nabarmen utzi du Greziako Gobernuaren jarrera. Herrialde hori, horrelako agintariak dituen artean, hango elite ekonomikoa -agintari horien konplizitatearekin- legearen menpe ez dagoen artean, nekez aterako da egoera ekonomiko eta sozial deitoragarri horretatik. Izan ere, haren finantzek ez dute oinarri sendorik eta greziarrek gainean duten zama handia jasaten jarraitu beharko dute pentsaezinezko muturreraino pobretzen dituen krisian. Greziako burokrazia oso azkarra izan da txiro eta babesgabeenei gizarte zerbitzuak kentzen, eta oso motela, aberatsek zerga ordainketak saihestea eteten. Hobe luke maila handiko iruzur instituzionalizatua ikertuko balu, kazetari konprometituak jazarri beharrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo