GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Aitor Renteria. KAZETA.INFO, 2012/10/31

Joko zelaia mugiturik, eta aulkia murruari begira

Manuel Valls Frantziako Barne ministroak sua piztu du Ipar Euskal Herrian, eta bere hitzen irmotasunari so, ez da ondorioaz ohartu.(...) Oraindik ez du ulertu Euskal Herrian abian den prozesu politikoak joko zelaia aldatu duela. Aldaketa horren froga dira alderdikideek igorri dioten gutun idor eta gogorra, Ipar Euskal Herriko eragile gehientsuenek adierazi duten haserrearekin batera.

Joko zelai klasikoan, deus ez mugitzeko aitzakia zen ETA, lurraldea ez onartzeko eta presoen eskubideak giltzapean atxikitzeko. Alta, ezagutza instituzionalaren aldarriak eta gatazka konpontzeko beharrak indarrak batu ditu, UMPko kideetatik Batasunera doan ortzadarrean, eta elkarrekin lan egiteko aukera sortu. Iraganeko kontua da Vallsek aipatzen duen estatuak/ ETA hesian mugatzen zen joko zelaia. Haserre uholdeak argi erakusten du tokiko errealitatea: (Ipar) Euskal Herria/ Frantzia da joko zelai berria, arrazoi anitzengatik, eta arrazoietako bakoitza errespetatuz eraikitakoa. Oraingoan, hormari begira jarri da Valls.

Goitik beherako eskeman segitzen du, eta ministroen kontseiluak egitaraua osatu aitzin jakinarazi du Ipar Euskal Herriaren ezagutza «lege koadrotik at» geldituko dela. Gaineratekoek gaiak proposatu aitzin ministroak erabakia izatea larria da. Demokraziaren prozedurak zangopilatzen ditu, baita alderdiaren barnean ere. Nahitara edo gabe, oin puntak zapaldu dizkio François Hollande presidenteari. Sozialisten usaia da luzatzea eta, bukaeran egitarautik at geldituko badira ere, esperantza emeki-emeki itotzea, indarrak deseginez. Vallsen hitzak egia badira, alferrik litzateke Deszentralizazio ministroa jitea Euskal Herrira. Deusetarako ez hautetsiak Parisera joatea. Haserreak bildu du aniztasuna. Bakoitzak bere aldetik. Orain bateratu beharko dituzte ahotsak, eta aldarria gizarteratu. Bai Pays egituraren negoziaketa «izoztuz», bai karrikara dei eginez. Gatazka «Espainiarena» dela dioenak gehiago piztu du, oraingoan bere baratzean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo