GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

XILABAKO FINALA

Aldarrikapenari eta festari harrera egiteko prest da Baiona

Heldu den larunbatean jokatuko da Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsolari txapelketako finala. Baionako Lauga gelan arituko dira lehian Amets Arzallus, Sustrai Colina, Odei Barroso, Eneritz Zabaleta, Xumai Murua eta Maddi Sarasua 17.30etik goiti. Historian lehen aldiz Lapurdiko hiriburura iritsiko da Xilaba txapelketaren final handia eta, bertsoaren festa izateaz gain, aldarrikapenerako tokia badela Baionan argi utzi zuten bertsolariek finalaren aurkezpenean.

p006_f01_209x140.jpg

Jon GARMENDIA | BAIONA

Gizartearen bozgorailu indartsu bat da bertsolaria, errealitateari estuki lotua bizi dena, eta arrazoi sakonekin jantzita bere sentimendua gizarteari eskaintzen dakiena. Eguneroko arazo eta pozak maisutasunez islatzen dituzte arte zahar hau menperatzen dutenek, eta larunbat honetan ikusgai izanen da jendearekiko gertutasun hau Baionako Lauga gelan. 17.30ean izanen da hori, baina bi oren lehenago milaka pertsona elkartuko dituen manifestaldia eginen da Baionako karriketan, eta bertsolari anitzek biziki presente ukan zuten hori atzoko aurkezpenean.

Jokatuko den leku berean aurkeztu zuten finala prentsaurreko batean, eta Joana Itzaina Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakariarekin batera agertu ziren han lehiatuko diren sei bertsolariak. Lauga gela handia da, goxoa, eta milaka bertsozale elkartzeko toki aproposa. Itzainak 2012ko txapelketaren arrakasta aipatuaz hasi zuen mintzaldia: «Saioak jendetsuak izan dira, gelak bertsozalez beteak aurkitu ditugu, bertsoa hiru herrialde hauetako lurralde guztietan barreiatu nahi izan dugu, indarra hartzen ari den leku haietara eraman, eta biziki kontent gara ukan dugun arrapostuarekin».

Hamasei bertsolari izan dira txapelketan parte hartu dutenak, eta sailkapen onena lortu duten seiak lehiatuko dira txapelaren xerka. «Parte hartu duen bertsolari bakoitza eskertu nahi dugu; hala ere, baita gai-jartzaile taldea eta antolakuntza ere, bertso eskoletan ari diren gazteak, irakasleak, guztiendako txapel bana», aitortu zuen Itzainak.

Odei BARROSO

Urruña, 24 urte. Seaskaren ikastoletan bertso irakasle gisa egiten du lan.

Hiru edizioetan hartu du parte Urruñako bertsolari gazteak, eta hiruretan iritsi da finalera. Azken finalean ezustekoa eman zuen buruz burukora sartzea lortuta; bigarren izan zen aldi hartan. Erantzuteko gaitasun aparta du, ofiziotan aritzeko lagun aproposa da, hariari segitzen eta bideak irekitzen saiatzen baita beti. Biziki ernea da, ironia finekoa eta umorearen bazterrak xerkatzen dituena. Bakarkako lanetan bere teknikaren dotorezia maiz erakutsi izan du. Agian ariketa honetan antzematen zaio distirarik handiena. Urduritasuna du etsai bakarra.

«Larunbat berezia da Baionarentzat; egun handi bat dugu zain, batetik aldarrikapen egun bat delako, eta bestetik bertsoaren festarekin gozatzeko gogoz gaudelako, gu lehenik eta gu entzunen gaituena gero. Behar dugu halako egun bat, aukera guti dagoelako Baionan halakorik ikusteko, euskara hutsean aritzea erdarak hainbeste leku hartu duen tokian... plazer bat da, baina batez ere aldarrikapen kutsua duen zerbait», azaldu zuen.

«Ni gogoz eta ilusioz nago, ez postu bat edo beste eskuratzeko, baizik eta finalaren osotasunean kokaturik egiten dakidan hori erakusteko, ez gehiago ez gutiago. Txapelketaren luze-zabalari behatuz, azken asteetan ez naiz hain fresko nabaritzen, ez behintzat ideia eta buru aldetik, baina aitzineko edizioetatik esperientzia biltzen joan naiz eta hori baliatuz daukadana ematera noa».

Xumai MURUA

Azkaine, 27 urte. Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan gorputz heziketako irakasle gisa egiten du lan.

Badirudi ezetz, baina azkenean beti da baietz. Halakoa da Xumai, kostata iritsi da hiru finaletara, baina ez du bakar bat huts egin. Kantuz kostata hasten dela ematen du, baina erraz botatzen du bertsoa gero. Bertso lagun perfektua da, beti proposatzen du ideiaren bat, bestela, berriz, beti segitzen dio lagunari. Ez du kolpe distiratsurik agertzeko gaitasuna, baina kantatzen duen bertsoa xehetasunez aztertuz gero, distira anitz aurkitu daiteke haren egituraketa osoan. Diesel motore bat bezalakoa da, bertsotan egiteko makina bat.

«Xapelgoa abiatu denetik etorkizuna ikusten ari gara begien aitzinean, gazteak heldu dira kantari, gazteak izan dira nagusiki entzule, eta bide onean goazen seinalea da hau. Finala iritsi den arte, erronka berezi bat izan da niretzat, orain arte txapelketak zainekin hartu izan ditut, gehiegi estutu izan dut ene burua, eta aurtengoan gibeltasun pixka batekin hartu dut, poliki-poliki ari naiz, baina ikusiko zer emango duen finalak, bai eta nik ere. Egun hau ez da lurralde honen eguna soilik, Euskal Herriaren egun bezala sentitzen dut nik. Etxean ere errezibitzen dugu jendea astebururako eta berezitasunez betea izango dela aurreikusten dut».

Eneritz ZABALETA

Baiona, 28 urte. Bertsogintzaz aparte unibertsitatean ari da, tesi batzuk prestatzen, baita klaseak ematen ere. Euskararen Erakunde Publikoan egiten du lan, baita kazetari gisa ere.

Eneritz Zabaletak bigarren finala du Xilaban. Laugarren egin zuen azkenekoan. Urrats handi bat egin zuen azken txapelketa horretan, bere buruaz seguru sentitu eta hala aritu zen bertsotan ere. Arrazoi bereziekin josten du bertsoa, txispa berezia dauka, eta umoreari erraz heltzen dion bertsolaria da. Izan zen garai bat, non akats teknikoek lotzen zuten kantatzeko orduan, eta horrek bere berezitasun guztiak estaltzen zituen, baina aspaldian atzean utziak ditu akats horiek. Kantaera gozoa du, ahots indartsua, eta ariketa guztietan uzten du gogoratzeko moduko zerbait. Egun eder bat parean egokituz gero, ezusteko handi bat emateko gai den bertsolaria da. Gainera etxean ari da.

«Larunbatekoa aldarrikapenez jositako eguna izanen da, jende anitz hurbilduko da Baionara, baina anitz izango dira bertan egoterik izango ez dutenak; azken egunotan atxilotu duten Aurore Martin adibidez, baita ehunka gehiago ere, bertsozaleak direnak, Espainiako eta Frantziako kartzeletan daudenak. Gure bertsoek izan dezatela ahalmena pareta horiek pasa eta haiengana iristeko. Batzuek diote Baiona ez dela Euskal Herria, nagusiki erdaraz bizi da, baina euskara hutsean ere gozatu eta gozarazi daiteke bertan. Euskal Herriko minen eta gozoen hiriburu izanen da Baiona larunbatean. Guk, ahotsarekin adierazi nahi dugu garen herria, garen txiki horretaz kontziente izanik, baina jendeari arrazoi indartsuak emanaz. Finala plaza handia da, eta helburu handi bat da jendea gozaraztea, hori dut helburu».

Amets ARZALLUS

Hendaia, 28 urte. Ostiralean beteko ditu 29 urte, finalaren bezperan. Bertsoari lotua bizi da, afizio eta ofizio. Kazetari gisa artikulu anitz idazten du.

Amets Arzallusi buruz zerbait berria erratea ezinezko kontua da. Hitzek baino egokiago aurkezten dute bere burua kantatzen dituen bertsoek. Poesia egiten du anitzetan, kontakizun zehatzak bestetan, erantzun zuzen eta zorrotzak ditu beti, eta hitz egingo balu bezala ari da bertsotan, errimak elkarri josteko duen erraztasuna erakutsiaz. Berak irabazi ditu jokatu diren bi txapelketak, eta bera da, anitzen ustez, faborito oraingoan ere, baina bertsoa ez da aritmetika, eta horren kontziente da Amets bera ere. Ahots goxoa du, kantaera aparta, fina da gauzak azaltzeko maneran, eta biziki argia ideiak ahotsaren bidez agertzeko garaian.

«Ilusio pertsonal bat daukat finalarekiko, baita ilusio kolektibo bat ere. Adibide egoki bat da finalean gurekin arituko den Maddi Sarasua, bertso eskolatik txapelketarako urratsa egin berria, nik transmisio argazki baten gisako ikusten dut finala. Bertso eskolekin egiten ari den lanaren isla balitz bezala. Aldi honetan guri egokitu zaigu zaharrenak izatea finalean, eta transmisio horren emaile bezala ardura bat badugu. Bistan da presio, karga edo ardura moduko batekin noala finalera, baina pentsamendu hori arintzen saiatzen naiz, eta gainera guzti horrek ere badu bere alde positibo bat. Orotariko pentsamenduek energia edo indarra ematen dizute ortzemuga behatzeko, eta ahal bezainbat saiatzen naiz ene baitan zentratzen, nik eskain dezakedan horretan, eta gero eskaintzen dudan horretatik bakoitzak den lekutik lagungarri zaiona jasotzen badu, niri itzultzen zait satisfazio moduan».

Sustrai COLINA

Urruña, 30 urte. Eginbide nagusia bertsoa du, eta kazetari gisa ere aritzen da tarteka.

Sustrai Colina boxeolari on bat bezalakoa da, kolpeak ematen bikaina, eta jasotako bakoitza itzultzen oraindik hobea. Biziki trebea da buruz buru ari denean, ofizioan beti heltzen dio egokitasunez gaiari eta bertso laguna ez du nehoiz bakardadean gal dadin uzten, laguntzeko manera bat atzematen du beti, baina kasu, laguna erasokor heldu bada eta ahuluneren bat antzematen badio, bere erantzunaren kolpeak zenbateko indarra duen agertzera ematen du beti. Dotorea da bertsotan, bai ideiak tolestatzeko garaian, baita haiek belarrietara helarazteko bidean ere. Ez du kantaera gozo bat, baina anitz hobetu du arlo honetan. Indartsu heldu da aurten, ideietan fresko eta gauza bereziak proposatuaz. Txapela hurbil ukan du beti, eta lortu ez badu ere, txapeldun handi bat dela segur da.

«Ez hegoaldeko eta ez iparraldeko, larunbatean Euskal Herriko jendea elkartuko da Baionan, eta horiek denak etxean sentitzea nahi nuke. Osagai politikoa duen eguna da, baina osagai kulturala ere badu larunbatak, eta hor ahal dugun onena eskaini behar dugu guk. Azken asteak aski gogorrak izan dira Ipar Euskal Herrian, eta euskalgintzak merezi du gozatzeko egun bat; gainera, aldarrikapenarekin batera uztartu daiteke. Funtzio inportantea beteko du finalak hor. Euskal kultura ez baita folklore hutsa. Finalari begira ni gogotsu nago, orain dela bi urte eman nezakeenaren portzentaje handi bat eman gabe gelditu nintzen, eta aurten edozertarako prest nator».

Maddi SARASUA

Itsasu, 16 urte. 17 egiteko da laster. Baionako Lizeoan ikasketak egiten ari da.

Maddi Sarasua izan da txapelketa honetako ezustekorik handiena. Lehen aldiz hartu du parte txapelketa nagusian eta hori kontuan izanik finalera iristea ez da lorpen makala. Euskal Herriko eskolarteko txapelketa irabazia du aurten, baina garrantzitsuena bera entzun duen bertsozale bakoitzari utzi dion sentsazio ona da. Bertsolari handien familiakoa da, Aitor Sarasuaren alaba nagusia, Jonen iloba. Agian hortarik datorkio bertsotan jarduterakoan ageri duen trebezia, agian beretik du, baina etorkizun handiko bertsolaria dela segur da. Erantzuten azkarra, ideiak sortzen trebea, ahots apala du eta ez du ozenegi kantatzen, baina hori urteekin landuko duen itzal tipi bat baino ez da. Gozamena sortzen du berari entzuteak, eta biziki gaztea bada ere, heldutasun handia agertzen du kantatzen duen bakoitzean. Ipar Euskal Herrian bertso eskoletan egiten ari den lanaren isla da Maddi, agertu den fruitua, heltzen ari diren horien lehen ordezkaria.

«Orain arte txapelketan zehar ukan ditudan esperientziak bikainak izan dira, ez nuen batere espero finalera sailkatzea, baina hala gertatu da. Orain, finalari begira, besteen ondoan zerbait egin dezakedala erakutsi nahi dut, baina batez ere gozatzera noa, ongi pasatzera, horretarako aukera bikaina daukat, eta hori aprobetxatu nahi dut. Nik urtetan gozatu dut entzule gisa, txapelketa behatuz, eta orain nahi nuke entzule diren guzti horiek ere gozatu dezaten, ahal bada nirekin, baina segur naiz finalarekin gozatuko dutela».

APUSTUA

Frantsesa da nagusi Baionako karriketan, eta apustu handia izan da bertso final bat hiriburuan egitea, baina euskararen indartzeari keinu bat egiteko, Bertsularien Lagunak elkarteak bertsoaren festa hiriaren bihotzera eraman du.

sarrerak

Sarrera erosteko, 12.00etatik goiti leihatilak irekiko dituzte Laugan, dagoeneko 700 sarrera saldu dituzte eta 2.500 lagunentzat tokia delarik sarrerak aitzinetik erosteko aholkatzen du antolakuntzak. Parkinak izanen dira inguruetan.

BI HITZORDU

Baionako Lauga gelan 17.30ean izanen da finala, baina bi oren lehenago milaka pertsona elkartuko dituen manifestaldia izanen da Baionako karriketan, eta bertsolari anitzek biziki presente ukan zuten hori atzo.

sei bertsolari

Hamasei bertsolarik hartu dute parte txapelketa osoan zehar. Finalean sei onenak arituko dira kantuan. Gazteena, Maddi Sarasua itsasuarra, 16 urte baino ez ditu. Zaharrena, berriz, Sustrai Colina urruñarra, 30 urtekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo