GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Hirugarren Mailako Euskal Herriko finala

Goikoengana gerturatzea da asmoa

Ruben Saralegi, Julen Kañamares, Raul Kastro, Arkaitz Jauregi, Asier Pellejero eta Iban Resano neurtuko dira bihar Aldatzen.

p044_f01_148x100.jpg

Jon LEUNDA

Aldatzen jokatuko da bihar 13.00etan Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala. Ikusmin handia piztu du, indarrean dagoen kirola baita orain aizkora. Gazte jende asko ari da lanean, eta horrek ikusleen kopurua handitzeaz gain, horien adina txikitu du, gazte jende asko joaten baita saioak ikustera.

Joan den abuztuan jokatu ziren hiru kanporaketa, eta bakoitzeko bi onenak elkartuko dira bihar Aldazko pilotalekuan. Jokoan ez dago txapela bakarrik, baita Bigarren Mailara igotzea ere, txapeldunarekin batera, bigarrenak ere mailaz igotzea lortuko baitu. Ruben Saralegi, Kañamares III.a, Kastro, Jauregi, Pellejero eta Resano lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu.

Ruben Saralegi da txapela janzteko faborito nagusietako bat. Kanporaketan oso lan ona egin zuen, eta bere multzoan onena izan zen. Oraindik oso gaztea da, baina bihar egin beharko duten lana aproposa da beretzat. Finalean dauden seien artean, kanporaketako markarik onena berak egin zuen.

Asier Pellejero da beste faboritoetako bat. Bere multzoan hau ere onena izan zen; azken urte hauetan finaletan sartuz dabil, eta bihar beste urrats bat egin nahi du goiko mailara heltzeko.

Raul Kastro ere azkeneko urte hauetan mailako finaletan sartu da, eta hau ere goiko mailara jauzi egiteko irrikaz dago. Bere multzoko onena izan zen hau ere, eta sei finalisten artean, berea da bigarren markarik hoberena.

Julen Kañamaresengan ere itxaropen handia dago jarrita. Bere multzoan bigarrena izan zen, baina denera berea izan zen hirugarren markarik onena. Azkenaldian gorakada handia eman du, eta faborito nagusietako bat da.

Bestalde, Arkaitz Jauregik ere maila honetako finaletan ez du eskarmentu faltarik, eta bera ere oso kontuan hartu beharko da. Bost nafarren artean bera da arabar bakarra, eta ahaleginduko da lehendabiziko bi postu horietan sartzen, Bigarren Mailaren bila aspalditik baitabil Ilarduiakoa.

Iban Resanorena izan zen finalean sartu direnen artean markarik kaskarrena, baina azkenaldian gorantz egin duen aizkolaria da. Zubizarretaren aurka apustua jokatu zuenetik, hobekuntza handia sumatu zaio, eta bera ere saiatuko da gainerako guztiak estu hartzen.

Sei finalistetatik, bost Nafarroakoak dira, eta bat, Arabakoa. Saioa Aldatzen izanik, eta ingurukoak ere bat baino gehiago izanik, pilotalekua leporaino beteko da. Honekin emango zaio hasiera aizkora asteari, datorren asteburuan beste bi final izango baitira; bata Euskal Herrikoa eta bestea, berriz, Nafarroakoa izango da.

Marka

Finalean arituko diren sei aizkolarien artean, Ruben Saralegik egin zuen kanporaketako markarik onena, bigarrenari, Raul Kastrori, 49 segundoko tartea kenduta.

Alkizan abiatuko da Sokatirako Goma Gaineko Euskal Herriko Txapelketa

Alkizan abiatuko da bihar Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketa. Orain laukoa jokatuko da, eta hori amaitutakoan, zortzikoak hartuko dio lekukoa.

Lehen ekinaldia bihar 12.00etan jokatuko da Alkizako pilotalekuan. Bertan, bi multzotan banatuta 320 kiloko taldeak neurtuko dira. A multzoan, Abadiño A, Ibarra A, Sokarri A, 6 Conceyos, Urruña eta Apurtuarte neurtuko dira. B multzoan, berriz, Abadiño B, Ibarra B, Sokarri B, Murueta, Ñapurrak, Iparralde eta Baigorri neurtuko dira.

Aspaldiko partez talde berriak ere agertu dira, eta hori oso berri ona izango da kirol honentzat. Iparralde berriro ere sokara itzuli da urte batzuk lehiatu gabe egon ostean, eta Murueta eta Apurtuarte, berriz, lehendabiziko aldiz arituko dira lehiaketa honetan. Orain zortzikoan jarraipena izatea espero dute denek. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo