GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | EUSKALDUNEN PLAZAREN INGURUETAN

Indar hartuta, indar eman eta indar egiteko

Autobusez edo autoz, ohi baino lehenago abiatuta, herritar andana bertaratu zen Baionara. Preso eta errefuxiatuen senideek pozez begiratu zuten manifestazioaren ilara luzea. Goi mailako elkartasun keinu horiek animatu eta arnasa hartzen laguntzen diete; indar hartzen, espetxean edota halabeharrez etxetik urrun daudenei babes hori helarazteko.

p006_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Manifestazioaren lehen ilaretan, euren senideen argazkiak esku artean zituztela abiatu ziren handik eta hemendik iritsitako herritarrak. Gustura begiratzen zioten atzeko aldean pilatzen ari zen jende andanari. «Guretzat sekulako babesa da irudi hau», zioen Jose Angel Aramendik, Alaitz Aramendi presoaren aitak. Bere esanetan, indarrean dauden botere politikoak herritarrek presio eginda mugitzen dira, eta ekin eta ekin aritu beharra dago kalean.

Iritzi bera agertu zuen Clara Rouget Aranibarrek, Joseba Aranibarren neskalagunak, horma artean daudenei erreferentzia eginaz. «Beraientzat ere oso pozgarria da kalean gisa honetako mobilizazioak egitea, jakin badakitelako mobilizazioari esker lortuko dugula haiek etxera ekartzea; izan ere, gure indarra beti izan da herria eta karrikako mobilizazioa».

Estatu frantsesari aurre

Tamaina honetako manifestazio batek Baionako kaleak zeharkatzeak esanahi berezia du berarentzat, inoiz baino beharrezkoago jotzen baitu Estatu frantsesari begira herritarren posizioa eta indarra tinko agertzea, bai «eramaten den prozesu politikoagatik», bai eta «azken asteetan izandako berri eta adierazpenen ondotik».

Ilara batzuk atzerago abiatu ziren Gentzane eta Jon donostiarrak. Jagoba Codo presoaren izeba eta osaba dira eta, senide askori bezalaxe, kilometro andana egitea egokitzen zaie, etxekoak ikusiko badituzte. Madril ek eta Parisek indarrean duten espetxe politika zentzugabetzat jo, eta herritar eta senide gisa beharrezkoak diren urratsak egiteko eskakizuna eraman zuten Baionaraino. «Gaixo dauden presoek legez beharko lukete kalean. Bada garaia, halaber, euskal presoak etxera gerturatzeko, hori dagokielako eurei, bai eta geuri ere, inolako gainzigorrik gabe».

71 autobus Baionara bidean

Gertuagotik ala urrunagotik, atzo kilometro batzuk egitea egokitu zitzaien senideei manifestaziora joateko. Ohi baino gutxiago, hala ere; asteburuetan halabeharrez milaka osatu behar izaten baitituzte. Batean eta bestean antolatutako autobusetan iritsi ziren asko eta asko. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroatik 71 abiatu ziren. Garaiz, manifestazioa ere ohi baino goizago abiatu baitzen. Autoz joatea erabaki zuten beste askok, inguruko aparkalekuetan ikus zitekeen moduan. Antza, egun-pasa egin zuten, berriz, beste hainbatek, goizean goizetik ohi baino mugimendu handiagoa sumatzen baitzen hiriburuko karriketan.

Beldurra zen Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan arazoak izango ote ziren eta horregatik lehenagotik abiatutakoek atzetik zetozenei ematen zieten abisu, besteak beste Oiartzungo gasolindegian geldialdia egin zutenei: «Libre». Aparteko arazorik gabe beraz, garaiz iritsi ziren manifestariak Euskaldunen plazaren inguruetara, baina bazuten mobilizazioa hasi aurretik egitekorik. Hamaiketakoa edo gosari sendoa eginda asko, aterki eta zirarekin batera, ogia, tartean sartzekoa eta edatekoa eraman zituzten hainbatek motxilan, eta inguruetako eserleku eta bankuetan hartu zuten lekua bazkari legea egiteko. Indar hartuta beraz, indar eman eta indarrez eskatzeko «egungo espetxe politika bertan behera utz dezatela».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo