GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

eskalada Big wall

Goi mailako mugimendua Yosemiteko hormatzarretan

Mikey Schaeferrek bide berria ireki du Middle Cathedral-en: «Father time» (5.13, 600 m). Bi urte behar izan ditu behetik zabaldutako marra hori biribiltzeko. Bitartean, James McHaffie eta Hazel Findlayk «PreMuir» marraren (5.13c/d) lehen errepikapena sinatu dute.

p048_f01_250x160.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Yosemiteko haranean barreiatuta dauden hormatzarrak bisita ugari jasotzen ari dira. Ohi den legez, udazkenarekin batera big wallen (pareta handiak) aldeko apustua egiten duten espezialistak jo eta su ari dira. Kapitaineko pareta mitikoan, adibidez, Tommy Caldwell eta Kevin Jorgesoni Jonathan Siegrist gehitu zaie «Dawn wall» izenarekin sona handia hartu duen xedeari azken ukitua emateko. Proiektu hori bukatzen badute, Kapitainen era librean inoiz egin den bide gogorrena izango litzateke.

Baina den-denok erronka horren inguruko albisteak itxaroten ari garen bitartean, jakinarazi behar dugu beste eskalatzaile batzuek «etxeko-lanak» amaitu dituztela. Horietako bat Mikey Schaefer dugu. Lasai asko esan dezakegu eskalatzaile estatubatuarrari kosta egin zaiola esku artean zuen proiektua amaitzea. Kosta bai, baina azkenean ginga jarri dio. Schaeferrek bi urte behar izan ditu Middle Cathedral paretan hasitako bidea borobildu ahal izateko. 60 egun ezberdin «Father time» (600 m) proposamena eskalatzaileen kolektiboaren esku uzteko.

Eskalatzaileak ondo baino hobeto ezagutzen ditu Yosemiteko murruak, eta argi asko utzi du eginiko lana bikaina izan dela. Izan ere, marra berria behetik zabaldu du eta gogorra atera zaio. Protagonistaren ustez, «Father time» 5.13 zailtasuna (8a ingurukoa) da. Gainera, zabaltzeaz gain, bidearen lehen igoera sinatu du.

Schaeferrek lan eskerga egin behar izan du. Lehen 40 egunetan bide berriaren norabide egokiena bilatzen jardun zuen. Hasieran plaka gogorrak gainditu behar izan zituen, eta, ondoren, headwall ikusgarri bat.

Estatubatuarrak adierazi duenez, behin bidea amaituta, hurrengo xedea era askean igotzen ahalegintzea zen: «Hamar eguneko saioak egin nituen. Urriaren 9an behin betiko ekinaldia izan zen. James Lukas kideari segurtatuko ninduen galdetu nion eta baiezkoa eman zidan. Ohiko tresnak hartu ondoren, paretan sartu nintzen. Bidearen erdira nahiko erraz eta eroso iritsi nintzen; soilik egun bateko eskalada egin nuen. Hori bai, bibaka dagoen erlaitzera iristeko komeriak izan nituen. Bost metro soilik falta ziren erlaitz horretara heltzeko. Helduleku oso txikietatik abiatu nintzen, eta den-dena ematera behartu ninduten».

Beroaldia bibakean lasaitu ondoren, Schaefer prest zegoen lehen gaua egiteko. Bere kide Lucasek, berriz, rapelatu eta paretaren sarreran egin zuen lo. Hein handi batean, eskalatzaileak bidearen zati samurrena egina zeukan: «Behin erlaitzera iritsita, jakin banekien oraindik marraren zati zailena igotzeko neukala. Hots, headwalla. Biharamunean, hotza eta haizea egin zigun, eta horrek guztiak gogorrago egin zuen eskalada. Bideak duen giltzara heldu nintzen. 10 metro gogor dira, baina, hori bai, blokeko 10 metro oso gogor. Sei ekinaldi egin nituen, baina sekzio hori ezin izan nuen gainditu».

Bibakera jaitsi, eguraldia okertu eta estatubatuarrak bi egun igaro behar izan zituen hamakaren barruan. Ekaitza baretu ondoren, Schaeferrek lanari ekin zion berriro: «Saio asko egin ondoren, azkenean bidearen giltza menderatu nuen. Egun berean beste luze gogor bat (5.12c ingurukoa) eskalatu nuen. Ordurako belauna handituta nuen, eta oso-oso gaizki pasa nuen bide osoa kateatu ahal izateko».

Eskalatzailea ohiko bidetik jaisten ari zen bitartean, Caldwell eta Siegrist proposamen berrian sartu ziren. Sartu bai, baina ezin izan zuten marra osoa kateatu. Hori lortu zuena Alex Honnold izan zen, eta, beraz, lehen errepikapena eskuratu zuen.

8b gogorra

Bien bitartean, aski ezaguna den Kapitaineko hormatzarrean James McHaffie-k eta Hazel Findlay-k errepikapen oso esanguratsua lortu dute. Sokada horretan ere Neil Dyer egon zen, baina aipatutakoek protagonismo berezia hartu dute «PreMuir» izeneko marra gogorraren lehen errepikapena egin dutelako.

Bide hori, berez, duela bost urte sortu zuten Rob Miller eta Justen Sjong estatubatuarrek. Sokada horrek, bi urte eta erdiko lanaren ondoren, «The shaft» marrari (5.13c/8a+) bost luzetako aldaera egin zion. Oro har, «PreMuir» bideak 900 metro eta 33 luze ditu. Hainbat bideren zatiak hartzen ditu: «Muir Wall», «The shaft», «Muir», «Turning point», «The shaft» berriro eta «The shield» marrarekin bukatzen da.

Zailtasunei dagokienez, inolako zalantzarik gabe, gogorra baino gogorragoa: 5.12a graduko hainbat luze eta 5.13 gradutik (7c+) gorako beste sei. Marraren giltza edo luze zailena, berriz, 5.13d edo 8b gisa aurkeztu zuten; hots, Kapitaineko luzerik zailenetarikoa.

Bidearen lehen errepikapena egiteko, hirukote britainiarrak bost egun behar izan zituen. Hasieran, Dyer eta McHaffie lanean hasi ziren. Lehen hamabi luzeak eskalatu ondoren, rapelatu egin zuten. Gero, Findlay gehitu zitzaien. Izan ere, azken hau Squasmishen eskalatzen egon zen. Aste batzuk lehenago, eskalatzaile horrek «Adder crack» bidearen (5.13 R/8a+) lehen igoera sinatu zuen.

Arestian aipatutako lehen 12 luzeak berriro igo ondoren, protagonistok, erritmo oso ederrean, beste sekzio gogor batzuk eskalatu zituzten. Findlayk adierazi duenez, harrituta geratu zen eginiko progresioarekin: «Luze horiek guztiak flash eran eskalatu nituen. Jakina, horrek motibazio gehigarria eman zidan erronka gogor eta berezi horrekin aurrera jarraitu ahal izateko».

Egun batzuetan atseden hartu zuten, eta berriro paretara hurbiltzen hasi zirenean ezusteko bat izan zuten: «Sokada batekin egin genuen topo; era artifizialean igotzen ari zen. Denbora galdu genuenez, rapelatzea erabaki genuen. Azken saioa bikain atera zen. Tenperatura hotzak asko lagundu zigun. Luze gogorrena librean egin eta gailurrera iritsi ginen. Inoiz egin dudan luze ederrena izan da. Den-dena oso gogorra izan zen. `PreMuir' bideak bete egin gaitu».

errepikapena

James McHaffie eta Hazel Findlay britainiarrek «PreMuir» marraren (8b, 900 m) lehen errepikapena egin dute

marra berria

Mike Schaefer estatubatuarrak «Father time» bidea (8a, 600 m) zabaldu du Middle Cathedralen

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo