GARA > Idatzia > Euskal Herria

Espetxea bertatik bertara ezagutzen duten haurrak goxatu dituzte Errenteriako Irritxoen Egunean

p015_f02_111x111.jpg

GARA | ERRENTERIA

Egitarau oparoarekin ospatu zuten atzo Errenterian Irritxoen Eguna. Landare elkarteak egun osoko jaia antolatu zuen, herria irri txikiz janzteko eta dispertsioak bortizki kolpatzen duen txikienen kolektiboa goxatzeko asmoz. Eguerdiko hamaikak aldera abiatu zen jaia Errenteria Hiria Kulturguneko auditoriumean. Julen Mendoza alkateak parte hartu zuen ekitaldian, Alkate Txikia izendatu zuten Aner Arbelaitz Sonia Jacintoren semeari emanda alkate makila.

Egun, Euskal Herriko sei haur daude kartzelan bizitzen eta berrehundik gora dira astebururo bisitetara joateko ehunka kilometro egiten dituztenak. Hain justu haien errealitatea islatzeko eta amatasuna eta aitatasuna espetxean bizi beharrak dakartzan zailtasunak taularatzeko asmoz antzerki emanaldi berezia egin zuten Niesen plazan eguerdian.

Bertatik bertara

Helduei zuzendutako antzerkian parte hartu zuten aktoreek bertatik bertara ezagutzen dute errealitate hau, preso egondako pertsonak eta presoen seme-alabak jarri baitzituzten taularen gainean, Edurne Arrizabalaga aktorearekin batera. Bertaratu ziren ikusle asko hunkitu zituen amatasuna espetxean bizi duen preso batek kartzelan sufritzen dituen gorabehera eta kezka guztiak islatzea helburu zuen lanak.

Antzerkia amaitzerako, batean eta bestean, orotara zortzi gune antolatu baitzituzten, makina bat ekimen ikusteko eta gozatzeko aukera izan zuten herritarrek eta bertaratutako guztiek: zanpantzarrak, txotxongiloak, kale animazioa...

Ohiko legez Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Galtzarabordako kiroldegian eskainitako ikuskizunak arrakasta itzela izan zuen atzokoan ere. Pailazoek ikuskizun berezia egingo zutela iragarri zuten aurretik, eta ez zuten hutsik egin. Taularen gainean izan ziren Mirentxin gidariak edota euren gurasoekin batera preso egon diren haurrak. Pailazoek «Euskal Herria Euskal Irri» bilakatzeko bidea marraztu nahi izan zuten. Porrotx goizean goizetik ibili zen herriko kaleetan barrena Olentzerorekin batera; izan ere, espetxeak urrun daude eta opariak hara iristeko gutunak lehenbailehen idatzi eta bidali beharra dago.

Irritxoen Eguna ekimena ez da berria, aurretik, beste herri batzuetan ere ospatu delako, Hernanin edota Tolosan kasu. Orain arte, ordea, ekitaldi bakarra izan ohi zen: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia. Lana eta eskaintza biderkatu eta bestelako dimentsioa eman nahi izan diote, ordea, jaiari, herritar orori zabalduaz. Orain, horren errealitate krudela ezagutzen duten txikienei irria ezpainetaratu nahi dien jaialdi honen lekukoa herriz herri eskualdatzea da helburua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo