GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala

Saralegik erraz lortu du helburua

Leitzarrak datorren urtean Bigarren Mailan jokatuko du, eta berarekin batera atzo bigarren amaitu zuen Jauregi ere igoko da.

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA

Ruben Saralegik irabazi zuen atzo Aldatzen jokatu zen Hirugarren Mailako Euskal Herriko Txapelketa, eta datorren urtean Bigarren Mailan jokatuko du, bigarren postuan amaitu zuen Arkaitz Jauregirekin batera.

Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Saralegi izan zen kanporaketetako aizkolaririk onena, eta gainerakoei alde nabarmena kenduta. Horrek atzorako ere faborito bihurtzen zuen, eta leitzar gazteak ez zuen hutsik egin, txapela nahiko erraz lortu baitzuen, Jauregiri minututik gorako aldea kenduta. 12.56 izan zen Ruben Saralegiren denbora eta 14.48 Arkaitz Jauregirena.

Kasualitatea bada ere, atzoko bi onenak kanporaketan ere multzo berean izan ziren, eta lana ezberdina izan arren, aldeak ere atzoko modukoak izan ziren. Jauregik ere bazeramatzan urte batzuk gora egin nahian, eta azkenean lortu du bere helburua. Atzo ez zen faborito hor sartzeko, baina bigarren postua eskuratu zuen, eta txapela lortu izan balu bezala ospatu zuen, datorren urtean maila bat gorago lehiatuko baita.

Julen Kañamares zen atzokoan txapela lortzeko beste faboritoa, baina Arostegikoak ez zuen bere helburua bete. Ez zuen lan txarra egin, baina Saralegik nahi baino lehenago ihes egin zien gainerako guztiei, eta bere borroka Jauregirekin izan zen, bigarren postu horren bila, baina hori ere ez zuen lortzerik izan, eta datorren urtean ere maila berean jarraitu beharko du lanean nafar gazteak.

Laugarren postuan Raul Kastro sailkatu zen. Honek ere urte batzuk badaramatza mailaz igo nahian, baina oraingoan ere ez zuen posible izan. Kanporaketan bere multzoko onena izan zen, eta finalisten artean berea zen bigarren markarik onena, baina laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen, eta beste urte batez dagoen lekuan jarraitu beharko du.

Iban Resanoren helburua finalean sartzea zen, eta atzo bosgarren amaitu zuen. Behin helburua beteta, ezustea ematera joan zen, baina ezin izan zuen, eta ez zuen mailaz igotzeko aukera handiegirik, nahiz eta lehen helburua bete zuen.

Seigarren eta azkena Pellejero sailkatu zen. Aresokoarengan ere bazegoen itxaropenik. Beste faboritoetako bat zen, baina oraingoan ere ez du bere asmoa lortu, eta berehala geratu zen, gainera, ezertarako aukerarik gabe, eta amaieran berak itxi zuen sailkapen nagusia.

Euskal Herriko aurtengo txapelketei amaiera emateko, datorren igandean jokatuko da Arbizun Lehen Mailako finala. Han izango dira Nazabal, Azurmendi, Otaegi, Atutxa, Olasagasti eta Otaño. Lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko moztu beharko dituzte.

Gazteak

Atzoko finalean gazteak izan ziren nagusi. Saralegi eta Kañamares, biak ere 22 urtez azpikoak, izan ziren finaleko gazteenak, eta batek txapela jantzi zuen, eta besteak hirugarren postua eskuratu zuen.

Sokarri eta Abadiño izan dira lehen jardunaldiko bi onenak

Atzo abiatu zen Lauko Euskal Herriko Sokatira Txapelketa, eta Sokarri eta Abadiño B izan ziren lehen saio honetako onenak.

A multzoan gailendu zen Sokarri, eta bere atzetik Ibarra A, Abadiño A, Urruña, Apurtuarte eta 6 Conceyos sailkatu ziren.

B multzoan, Abadiño B izan zen onena, eta atzetik, Ibarra B, Ñapurrak, Urdulizko Iparralde, Baigorri, Murueta eta Sokarri sailkatu ziren.

Nafarroakoan, berriz, 640 kiloko txapela jantzi zuen Berriozar taldeak. Azkeneko jardunaldia ere irabazi egin zuen, eta atzetik sailkatu zitzaizkion Amaiur eta Txantrea, eta sailkapen nagusian ere horrela geratu ziren.

Emakumezkoetan seikoa jokatu zen, eta 390 kilokoan bigarren eta azken saioa ere Sakanak irabazi zuen, eta beraientzat izan da aurtengo txapela, beste pisurik ez baita izango aurten neskentzat. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo