GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionan elkartu indar guztiak Bilbori begira jartzea deitu ditu Herrirak

Azken hilabeteotan presoen hurbilketa eta gaixotasunak dituzten presoen askatasuna galdegiteko mobilizazioak gogora ekarri zituen atzo Herrirak, Baionako manifestaldiak «aldarrikapen honetan gero eta gehiago garela» argi erakutsi zuela esanez. Mobilizazio hori baikorki baloratu ondoren, eta bertan batu ziren indar «kualitatibo eta kuantitatibo» guztiak Bilboko manifestaldiari begira jartzea deitu zituen.

p015_f01_9749.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Joan den larunbatean Baionako manifestaldian elkartu ziren milaka lagunei begira Herrira mugimenduak balorazio baikorra egin zuen atzo, eta aurrera begirako ekimenetan parte hartzeko deia zabaldu ere.

Battitta Larzabal Anaiarteako ordezkaria eta Jeanine Beyrie presoen senideaz inguraturik Emilie Martin eta Frank Balda mugimenduko kideek, Baionako manifestaldi horrek «indarrak batuz eta eremu berriak inplikatuz gure mobilizazioak eraginkortzea lortuko dugula» argi utzi zuela adierazi zuten.

«Estatuak tematuak dira ezezkoan. Baina ezeko horren aurrean, baiezkoaren mezua nagusi da gizartean. Eta, baiezkoa indartzen goazen heinean lortuko dugu ezezkoan daudenak jarreraz aldatzen», aldarrikatu zuten bi ordezkariek.

Horiek horrela, Lapurdi hiriburuko mobilizazioan bildutako indar «kualitatibo eta kuantitatibo guztiak» datorren urtarrilaren 12an, Bilbon iraganen den manifestaldiari begira jartzea deitu zituzten. Hartara, Bilbon «lurrikada txiki» bat eragin nahi zutela gogoratu zuten. Lurrikara horrek kalte egin baino, «batzuen kontzientziak astindu» nahi zituela nabarmendu zuten Emilie Martin eta Fran Baldak.

Mugimenduarentzat Bilboko mobilizazioak mugarri berri bat jar dezake «benetako bake egoera baten alde ari» direnek abiatu bidean. Borondate horretan, euskal gizartearen eremu zabalak batu nahi zituztela adierazi zuten ere.

«Bakeari bizkarra emanez jarraitzea, eta oinarrizko eskubideen ukazioan tematzea gero eta gutxiago ulertzen da euskal gizartean. Urte luzez gatazka eta sufrimendua baino ezagutu ez duen herria da gurea, eta benetako bake egoera bat nahia baino beharra da Euskal Herriarentzat», jarraitu zuten.

Horrenbestez, Euskal Herriak urtetan ezagutu duen gatazkak ondorio mingarriak izan zituela gogoratu zuten, eta, «denak konponduak» izan behar zutela esan zuten ere: «Herriratik presoen eta exiliatuen gaia lantzeaz arduratzen gara, baina, ez ditugu begiak ixten bestelako mimen aurrean».

Kolore politiko ezberdinak

Herrirak aztoko agerraldia baliatu nahi izan zuen joan den larunbatean baionara hurbildu diren milaka lagunak eskertzeko. Guztien artean Baionan egin den manifestaldirik handienetariko bat egitea lotu zutela nabarmendu zuten. «Denon artean eskaera argi bat helarazi genien frantziar agintariei: baztertu dezatela preso euskaldunen aurka indarrean mantentzen duten muturreko espetxe politika, hasi daitezela hauen giza eskubideak errespetatzen, eta lotu daitezela Euskal Herrian bultzatzen ari den gatazkaren konponbiderako lanari», berretsi zuten.

Horretaz gain, mobilizazioan kolore eta pentsaera politiko oso ezberdinak batu izana baikorki baloratu zuten. Horren balioa azpimarratu zuten ere, «giza eskubideen errespetuari konprometituak dauden eremu guztien inplikazioa» ezinbestekotzat jo baitzuten gobernuak mugi arazteko.

Gero eta gehiago

Orain arte egindako mobilizazioak «espetxeetako jabe direnen jarrera» aldarazteko nahikoa izan ez bada ere, Baionako manifestaldiak «gero eta gehiago garela» erakutsi zuela esan zuen Herriak.

Babesa

Bilboko manifestaldia izateko bi hilabete eskas badira ere, eremu ezberdinetatik deialdia babesa jasotzen ari zela argitu zuen Herrirak. Babesa horiek «norbanakoak eta talde ezberdinek egin dituzten ekarpenak dira».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo