GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Kezkarako motiboa

Palestinar miliziek Israelen aurkako hainbat misil jaurti ondoren, Tel Aviveko Gobernuak aireko Armada bidali zuen Gaza bonbardatzera. Palestinarrek zenbait misil gehiago jaurti eta israeldarrek palestinar batzuk hil ondoren, Egiptok alde bien su-etena lortu zuen. Ordu batzuk geroago, Israelek Ahmed Jabari Hamaseko buruzagi militarra hil zuen. Israelgo Gobernuak berak esan zuenez, hilketa hori operazio zabalago baten hasiera baino ez zen. Hildakoa 13 urte kartzelan emandakoa eta, zenbait hedabide espainiarren arabera, Gilad Shalit israeldar soldaduaren «kartzelaria» izan zen. «Haaretz» Israelgo egunkarian Gersho Baskinek (Shalit askatzeko negoziaketetan bitartekari izandakoa) ziurtatu zuenez, Jabari su-eten iraunkorra lortzeko lanean zebilen hil zutenean. Gazatik misil gehiago jaurti zituzten eta horietako batzuk Tel Aviveraino iritsi ziren. Zenbait hedabide espainiarrek hiriburu hartako biztanleek bizi izan zuten amesgaiztoaren berri eman ziguten. Hiru israeldar hil ziren. Eta ia 30 palestinar. Egiptoko lehen ministroa atzo Gazara joan zenez, hura bertan zen bitartean ez bonbardatzeko konpromisoa hartu zuen Israelek, baina ahaztu egin zitzaion, nonbait, eta Gaza bonbardatzen jarraitu zuen.

Ameriketako Estatu Batuek eta Europar Batasunak ez dute zalantzarik batere: egoera larri haren kausa palestinarren misil jaurtiketa da eta Israelek bere burua defenditzeko eskubide osoa du. NBE eta nazioarteko komunitatea delakoa oso kezkatuta daude. Israelen aurkako erasorik ez dagoenean, inguru hartan bake santuan bizi dira, eta ez dago kezkarako motiborik.

Israelek 45 urtean nazioarteko legedia urratu izana (NBEren ebazpen bik agindu zioten lurralde okupatuak itzultzeko; horren ordez, lurralde horiek kolonizatu eta Gazako zerrenda kartzela erraldoia bihurtu du) txikikeria da, antza. Eta dirudienez, 45 urte horietan izandako hainbat gerra, matxinada eta milaka hildakoak beti palestinarrek edo beste arabiar batzuek eraginak izan dira. Beraz, palestinar milizien indarkeria gaitzetsi egin behar omen da. Edo, gutxienez, alde biena. Ez dakit palestinarren indarkeria mesedegarria den edo ez, baina haren gaitzespena eskatzea gustu txarreko txantxa iruditzen zait. Hala ere, ulertzen ditut gaitzespena eskatzen dutenak, Israelen aurkako erasorik ez dagoenean, ez dute-eta kezkarako motiborik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo