GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

berria | Iker Aranburu 2012/11/15

Bost urte gehiago?

Atzoko egunaren ekarpen nagusia da lehen aldiz Europa mailako protestaldia izan dela. Egia da ezin dela greba europarraz hitz egin, herrialde bakoitzaren egoerak baldintzatu duelako protestaren modua eta indarra; urrunago joan gabe, Euskal Herrian bertan. Baina orain arte ez zen ikusi 23 estatutan erantzun nolabait bateratua ematea kontinenteko langile guztiei eragiten dien problema baten aurrean. Hori ikusi dute nazioarteko hedabide garrantzitsuenek ere, «Europako langileen protestaz» aritu baitira. Greba CCOOren eta UGTren miseriak Europan ezkutatzeko modua izan bada -hori esan dute batzuek hemen-, hedabideek ere amua irentsi dute.

Protestaren jarraipen desorekatua gorabehera, euroguneak indarrean jarri duen politika ekonomikoa gero eta gehiago auzitan dagoen seinale nabaria da. Austeritatea ekonomiak itotzen eta arazoak okertzen ari dela onartzera iritsi da Nazioarteko Diru Funtsa, errezeta hori beste inork baino gehiago banatu duen botikaria. (...) Europako Batasuna ere ari da (bere modura) agerikoa onartzen: defizita murrizteko beste bi urte eman dizkie Greziari eta Portugali, eta atzo argitu zuen 2013an ez duela Espainia eskari gehiagorekin estutuko. Langabeziaren, pobreziaren, desberdintasun sozialen eta haserrearen irudiak, antza, Bruselara ere heldu dira.

Horrek ez du esan nahi botikari uko egiten diotela; oraingoz, dosia arintzeko urrats txikiak dira. Merkelen iragarpena da bost urte barru medizinak gaixoa sendatuko duela. Eutsiko al diote Europa hegoaldeko gizarteek tarte horretan guztiz lehertu gabe? Etsipena ala haserrea nagusituko da (...)?

Nekez aguantatuko dute baldin eta 1993tik 2007ra arteko zorpetze-festaren fakturaren banaketa orain arte bezalakoa bada. Hau da, xanpaina edan eta edan aritu zirenei zuritoak kobratu nahian, zuritoarekin konformatu behar izan zutenei xanpaina ordainarazita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo