GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

UMP arrisku bizian, bizi arriskuan

Labankadak nagusitu dira Estatu frantziarreko UMP eskuineko alderdiaren lehendakaritza eskuratzeko barne hauteskundeen ostean. Cope eta Fillon hautagaiek, biek, aldarrikatu dute garaipena, eta, hala, eskuinaren baitako haustura, kaos sentsazioa, barne leherketa baten itzala inoiz baino ikusgarriago, errealago ageri da. Datozen orduotako zenbaketen peripeziak gorabehera, borroka oso latza izan da eta zauri sakonak utziko ditu. Coperen «konplexurik gabeko» eskuin erradikala eta Fillonen eskuin «sinesgarri eta integratzaileak» nekez eginen dute bat UMP batu eta bakarrean. Senatua, presidentetzarako hauteskundeak eta legegileak ere galdu ostean, gaullismoa ordezkatzeko duela hamar urte sortu zen alderdia sinesgarritasun eta zilegitasunean odolusten ari da, hondamendi politikoko paisaia patetikoa eskainiz.

Zein atera liteke gainbehera honetatik irabazle? Hori da bolo-bolo dabilen galdera. Anabasa erraldoi horrek Sarkozyrekiko nostalgia areagotu lezake, alderdiaren erreskaterako haren balizko itzulera are ezinbestekoago eginez. Zailtasunak pilatzen ari zaizkion Hollande bera ere, oposizio serio eta sendorik gabe, pozik egonen da. UMPren baitako kaosak populismoa elika dezake eta muturreko eskuinak, Front National berak, balia dezake aukera. UMPrentzat irudika zitekeen agertoki okerrena da honakoa, benetako kalamitate bat. Haren aurkariek badute pozteko arrazoirik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo