GARA > Idatzia > Mundua

Nikaragua eta Kolonbia arteko itsas muga berriaren kontra egin du Santosek

Nazioarteko Justizia Auzitegiak Nikaragua eta Kolonbia banatzen dituen itsas mugaren gainean emandako irizpena okerra dela adierazi zuen atzo presidente kolonbiarrak, Juan Manuel Santosek.

p025_f02_148x080.jpg

GARA | BOGOTA

Nazioarteko Justizia Auzitegiak Nikaragua eta Kolonbia itsasoz banatzen dituen muga Nikaraguaren alde aldatu zuen astelehenean. Nikaraguak San Andres, Providencia eta Santa Catalinako artxipelagoan dauden zazpi irla zingiratsuen subiranotasuna aldarrikatzen du 1913tik. 2001ean Nazioarteko Justizia Auzitegian salaketa ipini zuen. Hamaika urte beranduago, artxipelago hori Kolonbiarena dela esan du, baina, bestalde, egungo itsas muga Nikaraguaren alde aldatu zuen.

Epai horren arabera, Kolonbiak San Andres, Providencia eta Santa Catalinako artxipelagoan dauden zazpi irla zingiratsuen jabe izaten jarraituko du, baina Serrana, Serranilla, Quitasueño eta Bajo Nuevo irla zingiratsuen inguruko itsasoa Nikaraguaren esku egongo da.

«Hori guztiz kontraesankorra da Auzitegiak berak esan duenarekin. Artxipelagoa bakarra dela onartzen du, baina irla zingiratsu horiek isolatuta uzten ditu», adierazi zuen Juan Manuel Santos presidente kolonbiarrak San Andresen egin zuen agerraldian.

Bere hitzetan, Nazioarteko Auzitegi Gorenak hutsegiteak egin ditu eta «ez ditu kontuan hartu Kolonbiak itsas mugen gainean sinatu dituen nazioarteko hitzarmenak. Ez ditugu onartuko Auzitegiak egiten dituen omisioak, hanka-sartzeak, gehiegikeriak eta funsgabetasunak, Kolonbiak itsaso eremu horren gainean dituen eskumenak murrizten baititu», helarazi zuen.

«Konstituzioa betearazteko aukeratu ninduten. Kolonbiarren eskubideak babestea eta bermatzea dira, besteak beste, nire eginbehar konstituzionalak. San Andreseko biztanleak lasai egon daitezke; beraien eskubideak irmo defendatuko ditugu», adierazi zuen Santosek.

Bestalde, Auzitegiaren irizpidea «kontuan hartzen» duela eta sakon aztertuko duela esan zuen Costa Ricak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo