GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lebranchuren erranak gutxietsi eta erantzun ofiziala eskatu du Baterak

Batera plataforma estatutu bereziko Lurralde Elkargoaren lorpenaren prozesuan aurrera begira jarri da, eta Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroak asteartean egindako adierazpenak gutxietsi zituen atzo. Plataformako kideen arabera, datorren larunbatean Hautetsien Kontseiluko biltzar nagusiak emanen dio amaiera urtebeteko lanari eta, ondotik, Parisen erantzun argi eta ofizialaren zain izanen dira. Lebranchuk errandakoa onartezintzat jo zuten.

p014_f01.jpg

Ainize BUTRON |

Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroak asteartean egindako adierazpenei baliorik ez ematea erabaki duela jakinarazi zuen atzo Baterak. Lebranchuk Ipar Euskal Herriak duen ezagupen beharra asetzeko egungo Pays egitura indartzea irtenbide egokia litzatekeela erran zuen eta, proposamen hori eginda ministroa «jokoz kanpo» dagoela erantzun du Baterak. «Pays indartua ez da inorentzat egokia. Pays egiturak ez du gehiago lege babesik, beraz, hori erratea ez da erantzun bat», adierazi zuen Nikolas Blainek.

«Irtenbide juridiko-politikorik» ez dagoela dioen argudioaren aurka, berriz, Ipar Euskal Herrian hainbat legelarirekin lan egin dutela oroitarazi zuen, eta, Parisen hala ez bada, Hautetsi eta Garapen kontseiluek aterabide juridikoa aurkitua dutela gogorarazi zuen. «Utz diezaietela aurkezten», nabarmendu zuen, bestalde, Martine Bisauta hautetsiak.

Horiek horrela, onartezintzat jo zituzten ministroaren adierazpenak, bereziki, Manuel Valls frantses Barne ministroa ondoan zuela jakinda. Izan ere, «Sud-Ouest» egunkariak azaldu zuenez, adierazpen horiek egin aurretik Vallsek Lebranchuri belarrira hitz batzuk erran zizkion.

Larunbat goizean, Hautetsien Kontseiluaren biltzar nagusiarekin burutuko den «gobernantzari» buruzko eztabaida prozesua errespetatu dezatela eskatu zuen, beraz, Baterak. «Urtebeteko lana eramana izan da gai horren inguruan. Ezinezkoa da horren gutxi errespetatzea Ipar Euskal Herria. Edozein erantzun bota aurretik proposatzen dena kontuan hartu behar da», salatu zuen Bisautak.

Batzar nagusi hori Lurralde Elkargoaren aldarrikapenean erabakiorra izanen dela argitu zuen, bestalde, Jean Rene Etchegarayk. Hautetsiei testu proposamen argi bat bozkatzeko eskatuko zaie batzar horretan. Eta, iragarri zuenez, galdera honakoa izanen da: «Ipar Euskal Herriarentzat estatu bereziko eta departamenduaz gaindiko Lurralde Elkargo bat eratu behar dela uste al duzue?». Hitzordu horren garrantzia kontuan harturik hautetsi guztiak bertan egotera deitu zituen Baterak. «Batzar horretan egituraren antolaketa, fiskalitatea eta hauteskunde eredua erabakiko da. Gobernuak ondotik eman beharko du erantzuna», gehitu zuten.

Hitza hitz

Marylise Lebranchuri joan den urriaren 11n, Parisen, Ipar Euskal Herriko hautetsien ordezkariekin egindako bileran hitzemandakoak martxan jartzeko eskatu zioten azkenik. Lebranchuk lekuko legelari eta Pariseko teknikarien arteko elkarlana izanen zela erran zuen bilera horretan eta urtarril bukaeran Ipar Euskal Herrira etorriko zela. «Hitza hitz, engaiamendua bete dezan eskatzen diogu eta aipaturiko lan hori segi dezan», bukatu zuten.

Mobilizazioak

Larunbateko erabakiaren ondotik ikusiko du Baterak, hautetsi eta eragile sozialekin batera, zer nolako ekimena bideratu. Lebranchu otsailean etortzekoa da eta ordura arte presioa indartzea da xedea.

Eskuina haserre eta sozialistak estu, ministroaren hitzekin

Deszentralizaziorako ministroaren hitzek hautsak harrotu dituzte berriro Ipar Euskal Herrian, nahiz eta batzuentzat ate guztiak itxi ez dituen. Hala, eskuineko eta zentroko hautetsiek erreakzio biziki gogorra izan dute. Max Brisson UMPko kontseilari nagusiak, «traiziotzat» jo ditu, kontuan hartuta egun diputatu direnek kanpainan zer iragarri zuten. Lebranchuk Barne Ministroaren manua «irentsi» behar izan duela uste du Biarritzeko zinegotziak.

Jean-Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko buruaren ustean, berriz, ministroaren adierazpenak «eskandalagarriak» dira. Molde horietara nolabait «ohitua» dagoela erran du, baina nahigabetua agertu da edukiarekin, Parisko bilkuran ez zuelako horrelako jarrera izan zezakeenik islatu. Bere alderdikide Michel Veunac zentristak «harrokeria jakobinoa» dariola dio.

Bitartean, Lebranchuk estutasunean jarri ditu PSko hautetsiak. Sylviane Alaux diputatuak «bestelako erantzuna espero» zuela adierazi du. Halere, ez duela etsiko eta lanean segituko duela gaineratu du. Bere kide Colette Capdeviellek, ostera, ez du iritzik eman nahi izan «erantzun instituzionalagoa» izan aitzin. Bestalde, Frederique Espagnac senatariak, berrikitan Estatuko PSko bozeramaile izendatua izan denak, ez du adierazpenik egin. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo