GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira

Sokarri eta Abadiño dira lehen txapela lortzeko faborito nagusiak

J.L.

Abadiñoko pilotalekuan jokatuko da gaur, 17.30etik aurrera, Euskal Herriko Lauko Txapelketako lehen finala. Gizonezkoen 320 kiloko azken ekinaldia izango da. Bi multzotan banatuta bi jardunaldi jokatu dituzte aurretik, eta bakoitzeko hiru onenak lehiatuko dira gaur.

Sokarri A, Abadiño A, Abadiño B, Ibarra A, Ibarra B eta Ñapurrak lehiatuko dira. Sei taldetatik hiru bizkaitarrak izango dira, bi gipuzkoarrak eta bat lapurtarra.

Lehen fasea kontuan hartuta, garbi dago Abadiño eta Sokarri izango direla faborito. Berdeek bi talde sartu dituzte finalean, eta talde batean seiko onena sartuko dute txapela lortzeko asmoarekin. Sokarrik ere talde sendoa dauka, eta argi ibili beharko dute. Honelakoetan ere ezusteak izan ohi dira eta Ibarra ere kontuan hartu beharko da, lehen ere ezusteak emandakoa baita talde gipuzkoarra.

Amaiera

Nafarroako Txapelketan, berriz, azkeneko saioa jokatuko da gaur 17.30ean. Bertan, 600 kiloko gizonezkoen bigarren eta azken saioa jokatuko da, eta 420 kiloko mistoena ere izango da ikusgai.

Mutiletan, Berriozar, Txantrea, Amaiur eta Basaburua-Imotz neurtuko dira. Joan den asteko jardunaldian, Berriozar izan zen nagusi; Basaburua-Imotz eta Amaiur berdinduta geratu ziren 2,5 punturekin, eta Txantrea, azkena, puntu bakar batekin geratu zen.

420 kilokoan, berriz, Berriozar, Imotz, Amaiur- Sakana eta Basaburua neurtuko dira. Hemen ere lehen jardunaldia pasa den astean jokatu zen, eta hor ere Berriozar izan zen onena Imotzen, Amaiur-Sakanaren eta Basaburuaren aurretik.

Beraz, azken jardunaldi honetara Berriozar bi pisutan abantailarekin helduko da, aurreko bietan irabazi ostean. Gaur etxean arituko direla kontuan hartuta, bi pisuetako txapelak lortzeko ere faborito nagusiak izango dira. Honekin amaituko da Nafarroako sasoia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo