GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Demokraziak, pazientziak...

 

Hollanderen onerako UMPren barnean gerlan daude. Gerla gorria! Lehen ministro izan den bitartean Fillon beti politikari baketsu, aterabide bilatzaile gisa agertu da, gehiegikerietan zebilen presidentearen ondoan oso moderatua. Eskuinaren barnean norabide politikoa jokoan delarik eta horrekin liderraren hautua, Fillonek ere hortz luzeak ditu, oso luzeak, Coperen aurrean ez dago prest amore emateko. Horrez gain, eskuin moderatuak pentsatua zuten baino pisu gutxiagoa dauka alderdian, eta, bestalde, UMP alderdiaren presidentea izanik, Cope jaunak alderdiaren barneko hauteskundeetan iruzurra antolatu zuelako zurrumurrua berehala hedatuz joan da. Alegia, militanteen arteko konfiantza urtzen joan da. Hau oso arriskutsua da alderdiaren etorkizunari begira, gerorik baldin badu. Dena den, edozein bitartekaritza sortuta ere, eskuinaren berrantolaketa abian da eta momentuko eskuin muturraren onerako alde batetik, oilarren arteko gerlak agerian gelditzen baitira, eta eskuin muturreko aldarrikapenek uste baino babes handiagoa dutelako.

Bitartean, Notre Dames des Landes herrian, Nantes ondoan, beste gerla mota bat dago; hau da aireportu baten kontra milaka jendek daramatena. Lehen ministroa Nantes hiriko auzapeza zen, babestu zuen proiektua eta obren hasteko tenorea heldu da. Baina, etxeak hustu ondotik jende berria instalatu da eremuan eta gaur egun «robokop»-ak igorri dituzte herritar berrien botatzeko. Haatik, horiek ez dira joaten, aitzitik lagun berri asko datoz laguntza ematera, aireportuaren kontrako mugimendua azkartzera. Hori dena ekologistak gobernuan daudelarik! Tokian dagoen erresistentziaz paso eginen al dute? Lehen elkarrizketak abiatu dira, hau baita gobernu honen lema, kontzertazioa. Denbora irabazteko edo benetan eragiteko? Erantzuna laster...

Politika ekologikoa edo ekologia politikan ez da modan Parisen. Euskal Herriarekiko autoritarismoa baizik ez du eredutzat. Baionako manifestaldia baino mobilizazio anitzagorik ez da, baina epaitegietatik gureganaino heldu diren zigorrak ez dira aldatzen. Presondegietako politika aldaketarik ez dago. Lebranchu anderea oso irudi demokratikoa ematen aritu zen Ipar Euskal Herriko ordezkariak errezibituz Parisen. Baina Gobernuaren erabakia Valls jaunaren ahotik pasatzen da. Ahots horrek ez du demokraziarik behar, ez da bere bide politikoa. Hemengo hautetsi guztien hitza ukatua da, Pariseko demokraziarekiko jarrera agerian uzten du. Zer sinesgarritasun atxikiko du Parisek hemen horrela jokatuz? Herritarrek jakinen dute demokrazia modernoak herritarren iritzien aurrean ez direla makurtzen.

Klase politikoaren iritziaren aurrean Parisek elkarrizketarik ez duela proposatuko sinesgaitza da. Oso jarrera gogorra litzateke. Aireportuaren kasuan bezala, hemen elkarrizketarako komisiorik izanen ote da? PPren eragina dago gobernuaren gibelean, hau argi da Ipar Euskal Herriko klase politikoarentzat. Noiz arte onartuko dute menpekotasuna? Kontraesana indartzen joan beharko da. Pazientzia aipatzen zen aurreko egunetan...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo