GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

AndinismoA Fitz Roy

Denboraldi hasiera ikusgarria Patagoniako erpin zorrotzetan

Jorge Ackermann argentinarrak eta Michael Lerjen-Demjen suitzarrak «Un mar de sueños» bidea (1.200 m, 7a, A3, M4) zabaldu dute Fitz Royko ekialdeko aurpegian. Hilaren 14 eta 16 artean egin zuten, estilo alpinoan eta paraboltik erabili gabe. 28 luze berri ditu.
p048_f03.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Ufa, a ze hasiera ikusgarria! Era horretan azal dezakegu lasai asko Patagoniako erpinetan hasi berri den denboraldi berria. Hasi eta goi mailako lehen jarduera iritsi da. Protagonistak Jorge Ackermann argentinarra eta Michael Lerjen-Demjen suitzarra izan dira. Eskaini duten proposamen berria Fitz Royko ekialdeko aurpegi erakargarrian «Un mar de sueños» bidea izan da. 1.200 metro eta 7a, A3 eta M4 zailtasunak.

Biak ala biak oso gazteak dira: argentinarrak 26 urte ditu eta suitzarrak urte bat gehiago. Behin baino gehiagotan biek ala biek argi utzi dute sokada osoa zein eraginkorra osatzen dutela. Esku artean zuten helburua kosta egin zaiela baiezta dezakegu; izan ere, iazko urtarrilean zein abuztuan (hango neguan) pareta horretan saio bana egin zuten.

Esan dugun bezala, Patagoniako denboraldi berriaren lehen jarduera esanguratsua dugu lerrootara dakarguna. El Chaltenetik iristen ari zaizkigun berrien arabera, dagoeneko mugimendu handia izaten ari da. Mundu osotik alpinista asko hurbildu da «kanpaleku nagusi» horretara, eta, besteak beste, Fitz Royko «Californiana» eta «Cerro Torreko «Ragni» bideak eskalatu dituzte.

Baina gatozen Ackermann eta Lerjen-Demjenek osatu duten sokadak egin duen eskaladara. Marra luzea atera zaie: 1.200 metro. Hori bai, 28 luze berri ditu eta azken seiak «Ferrari» bidearenak dira. Zailtasun teknikoei dagokienez, zaila: 7a, A3 eta M4. Jarduera berri hau duela pare bat aste egin zuten, 14 eta 16 artean. Guztira, beraz, bi bibak.

Hori guztia aipatu ondoren, Patagoniako erpinetan zaintzen (saiatu, bederen) den estiloa aipatu behar dugu. Protagonistok estilo alpinoan eskalatu dute. Aipatu dutenez, ez dute soka finkorik eta paraboltik erabili, eta gaineratu dute pareta haietan aldarrikatzen den etika errespetatu dutela. Beraz, estilo arin eta garbiaren aldeko apustua egin dute; hori bai hormatzarraren goialdean sei fisurero utzi dituzte eta beste hiru, beheko partean. Jakina, han utzitako material hori penduluak egiteko erabili zuten.

Bi aste ez dira pasa bide berri hori zabaldu zutenetik, eta dagoeneko Lerjen-Demjen suitzarrak jarduera berrian bizi zutenari buruz idatzi du. Hurrengo lerrootan alpinista suitzarrak zabaldu berri duten proposamenaren inguruko azalpenak emango ditu.

«Un mar de sueños»

Ez dut zalantzarik norberaren bizitzan oso une on gutxi izaten direla: den-dena emateko aukera dagoenean, helburu handiak lortzeko aukera duzunean, norberaren ametsak egia bihurtzeko aukera duzunean... Uste dut bide berri horrekin soilik aipatutakoa erdietsi dugula. Geneukan guztia eman genuen, eta agian pixka bat gehiago. Saiatu gara eta kale egin dugu, baina saiatu garenean ez gara geure etikaz ahaztu. Genituen beldurrak gainditu ditugu, geure lanean sinetsi dugu, armonian egin dugu lan, talde modura, barre egin dugu, hotzak akabatzen ibili gara... Bai neguan bai udan egin ditugun saioetan den-dena eman dugu. «Un mar de sueños» izena jarri diogu geure bideari; egia bihurtu den amets garrantzitsua izan da. Harkaitzezko itsaso batean geure marra sortu dugu.

Gailurrean ginen bitartean negar egin genuen. Ez zegoen ikuslerik, ez zegoen telebista-kamerarik... soilik dena eman zuten bi gazte. Baina pozerako betarik ez dago, soilik arrakastaren erdia lortuta geneukalako. Jaitsi egin behar genuen. 24 ordu rapelatzeko, beste lau oinez herrira iristeko... ordu piloa gelditu gabe. Baina horrek guztiak alpinismoa bakar zein zintzo bihurtzen du. Hori guztia alpinismoaren zati bat da, bideak izan dituen zailtasun teknikoak diren bezala.

Gure hirugarren bidaia zen, eta bagenekien azkena izango zela. Alabaina, ez zen ondo hasi. «Paso Superior» izeneko lepora iritsi ginenean, ohartu ginen neguan utzitako hainbat tresna desagertu zirela. Burua makur, buelta erdi egin genuen. Hala ere, azken saio bat egitea erabaki genuen.

Hilaren 13an berriro lepoan geunden. Jakin bagenekien gure azken aukera zela. Ordu gutxi lo egin, eta goizaldeko hiruretan martxan ginen. Ez geunden batere lasai, eta biok ala biok geure pentsamenduetan murgilduta geunden.

Beheko sekzioa erritmoan eskalatu genuen. Sekzio zailak ziren, baina dena era egoki batean ateratzen ari zen. Erritmo hori ikusita, aurreikusitako denborari ordu erdia jan genion eta bidearen giltzara heldu ginen. Bazirudien dena gure alde zegoela, aurreikusitako guztia norabide onean zihoan eta eskalada era automatiko batean egiten ari ginen.

Hamabi orduz eskalatu ondoren, «Esperanza» izeneko erlaitzean geunden. Argi ikusi genuen neguarekin alderatuta baldintzak zeharo ezberdinak zirela. Horretaz jabetuta, hainbat luze era askean igotzen saiatu ginen. Batzuk askatu genituen; beste batzuk, ordea, ez.

Aipatu behar dut ere, aurreko egunetan elurra egin zuela eta haizeteak egon zirela. Hala ere, bakarrik ginen; bai, pareta horretan eskalatzen ari zen sokada bakarra ginen. Orduek aurrera egin ahala, haizea protagonista bihurtu zen, 100 kilometro orduko ufadekin hotza areagotu egin zen. Erlaitz txiki eta estu batean geratu ginen. Gaueko hamarrak ziren, eta, arnesetatik zintzilikatuta, lo egiten ahalegindu ginen.

Biharamunean, berriro ere goiz altxatu ginen. Eskalatzen hasi eta oraindik eskalatu gabe zegoen tarte luze bati ekin genion. Zaila zen aurrean genuena, eta une batzuetan penduluak egin behar izan genituen. Gaueko hamarretan gure bigarren bibakera iritsi ginen. Pozarren geunden, nahiz eta jakin bagenekien gailurrerako bidea luzea izango zela.

Gailurreko eguna zen, eta goizeko seietan martxan jarri ginen. Gure hirugarren eskalada egunean zailtasunak samurtu ziren eta arin gindoazen. Luze batzuen ondoren, «Ferrari» bidearekin bat egin genuen. Erabaki logikoa izan zen; hots, «Ferrari» bidearen azken luzeekin bat egitea. Sei luze bakarrik ziren, baina lan eskerga egin behar izan genuen. Esate baterako, azkenengo luzearekin komeriak izan genituen. Eskuinaldea puskatuta zegoen, eta ezkerrera jo behar izan genuen. Mistoko sekzio korapilatsua izan zen. Arriskua hartu genuen, baina erabakia ondo atera zen. Azken luze gogor hori gainditu ostean, arratsaldeko bost eta erdietan tontorrean geunden.

Atseden txiki bat hartu, eta ziztu bizian rapelatzen hasi ginen. Gure marrarekin alderatuta, «Ferrari» bidean soka zahar asko daude. Ez ginen batere haserretu, soka horiek orientatzeko baliagarriak izan zirelako. 40 rapel egin ondoren, oinak lurrean jarri genituen. 24 ordu pasa ziren bidearen sarrerara iritsi baino lehen. Hilaren 17a zen; goizaldeko seiak, hain zuzen ere. Gustura gaude eginiko lanarekin; izan ere, estilo alpinoan eskalatzeaz gain, bidea erabat garbi utzi dugu. Soilik fisurero batzuk geratu dira paretan, penduluak egiteko erabili genituenak.

Guztira, 28 luze berri zabaldu eta eskalatu genituen. «Ferrari» bidearekin bat egin, eta marra horren azken sei luzeek gailurrera eraman gintuzten. Hiru saio izan dira, baina eskalada osoan zehar ez dugu iltzerik zein paraboltik jarri.

berria

Jorge Ackermann eta Michael Lerjen-Demjenek «Un mar de sueños» bidea zabaldu dute Fitz Royko ekialdeko aurpegian.

hiru

Guztira, hiru saio behar izan dituzte erronka hori bukatu ahal izateko. Estilo alpinoan igo ziren, eta ez zuten paraboltik erabili.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo