GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Landarez egindako uretako jantzia merkatuan izango da udaberrian

Ohiko kautxuzko neoprenoa ordezkatuko duen uretako jantzia aurkeztu dute. Azken urteetan enpresen helburua elastikotasuna izan da; orain ordea, jantziak egiteko osagai naturalen bila ari dira.

p052_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Landarez egindako lehen ur jantziak merkatuan izango dira 2013an. Ohiko neoprenoak lehiakidea izango du aurrerantzean.

Ohiko neoprenoa erregai fosil edo kautxuarekin egiten da; alegia funtsean, autoen gurpilak egiteko erabiltzen den material bera da. Orain merkaturatuko duten material berriak, ordea, guayule izeneko landarea izango du osagai nagusi.

«Lau urte egin ditugu lanean eta azkenean guayulearekin uretako jantzi bat egitea lortu dugu. Egun gure jantzien %60 dago guayulez eginda, baina gure helburua %100 guayulezkoa izatea da», azaldu du Patagonia markako zuzendari McCaffreyk.

«Gure asmoa, hasiera batean, material berritzailea erabiltzea zen, lana kasu, zeren osagai gisa oso isolatzaile ona da. Modu horretan ahalik eta neopreno gutxien erabiltzeko asmoa genuen, baina konturatu ginen guk behar genuena beste zerbait zela, neoprenoa ordezkatuko zuen material berri bat alegia».

Guayulearentzat ez dute pestizidarik erabiltzen, eta ohiko uretako jantzia egiteko prozesuarekin alderatuta, ekoizteko modua garbiagoa da.

2013ko udaberrian hasiko dira Guayule ur jantziak merkaturatzen Venturan, Kalifornian. Hasiera batean soilik AEBetan salduko da landarez egindako ur jantzi hau eta, ondoren, pixkanaka munduko beste lekuetara zabaltzeko asmoa dute.

Guayulea (Parthenium argentatum) zuhaixka bat da eta jatorriz Mexikoko Chihuahua desertukoa da, baina AEBetako mendebaldean ere aurki daiteke. Oso ur gutxi behar duen landare hau ohiko kautxu gomaren ordezko gisa erabiltzen da.

Bigarren Mundu Gerran zehar sakon aztertu zuten espezie hau amerikarrek; izan ere, Japoniak Malasiatik zetozen lehengaien esportazioa eten zuen. Horren ondorioz, amerikarrek latexa egiteko zuten osagai nagusia galdu zuten eta ordezko produktuak bilatzen hasi ziren.

Horrez gain, azken urteetan ere indar hartu du espezie honen azterketak; izan ere, jende bati alergia eragiten dio ohiko latexak; guayuleak, ordea, ez du halako erreakziorik sortzen.

Surfaren historian izan den gorakada handiena Kalifornian gertatu zen, 50eko hamarkadan. Boom itzelezko hori hiru osagairi esker gertatu zen. Lehena, taula txiki eta arinagoak sortu zirela; bigarrena, Hollywooden egindako zenbait filmek izandako arrakasta; eta, hirugarrena, neoprenoek urte osoan zehar surf egiteko aukera eman izana.

50eko hamarkadaren hasieran gutxi batzuek baino ez zuten surf egiten Kaliforniako ur hotzetan. Uretako hasierako jantziek soilik gerritik gora babesten zuten. Gerora, bi zatitan janzten ziren neoprenoak agertu ziren; batetik gerritik beherako galtzak, eta, gainean, txalekoa.

Horren atzetik, goitik behera gorputz osoa babesten zuen uretako jantzi bat sortu zuten. Ordutik, pixkanaka gero eta jantzi malguagoak egiten hasi ziren, baina 1990eko hamarkadara arte neoprenoek oso gogorrak izaten jarraitu zuten.

Azken hogei urteotan izan diren berrikuntzei esker, egun neoprenoak oso malguak dira eta gorputzak botatzen duen beroa oso ongi gordetzen dute.

Beraz, hasierako helburuak beteta daude, baina helburu berriak ere agertu dira. Surf munduan gero eta gehiago hitz egiten da materialak egiteko orduan osagai naturalak erabiltzeak duen garrantziaz.

Produktu kimikoekin egindako produktuek izen txarra dute egun. Ekoizpen ekologikoa ziurtatzen duten etiketek arrakasta dute erosle potentzialengan. Beraz, enpresa handiak ere bezeroen eskaerei egokitzen hasi dira.

Zentzu horretan, markek beren produktuei izaera bereizia emateko modua ere bada lehengai naturalak erabiltzea. Gauzak nola egiten diren azalduta, norbera nolakoa den erakusteko modu bat baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo