GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

SURFA

Suitzako txapelketa nazionala Zarautzen

Suitzako Txapelketa Swen Zaugg eta Rachel Bonhotek irabazi dute Zarautzen.

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Suitzan ez dute itsasorik, eta jakina, olaturik ere ez, baina surfak indar handia du. Asko dira beste herrialdeetara surf egitera joaten diren suitzarrak, eta ondorioz, txapelketak antolatzen dituen federazioa eta surflari suitzarrez osatutako talde nazionala ere badute.

Suitzako txapela Zarautzen jokatzen da, asko baitira udan zehar bertaratzen diren surflariak eta oso ongi ezagutzen duten hondartza baita. Gainera, maila ertaineko surflarientzako leku egokia da, olatuak ez baitira oso indartsuak.

Suitzarrek 15 urte daramatzate surf txapelketa nazionala antolatzen; hortaz, ibilbide bat egina dute eta esperientzia ere badute halako txapelketak antolatzeko orduan.

Azken lau urteetan Zarauzko hondartza aukeratu dute garrantzizko titulu hori lehiatzeko, eta azken txapelketan, 21 mutil eta 15 neska lehiatu dira.

Lehen egunean baldintzak ez ziren batere errazak. Haizeak iparretik jotzen zuen eta olatuak bihurriak ziren. Hala eta guztiz ere, mutilen nahiz nesken kategorian ariketa ederrak ikusi ahal izan ziren.

Nesketan, Rachel Bonhotek finalak iraun zuen 25 minututan gainontzeko aurkariak mendean hartu zituen eta lehen postua eskuratu zuen. Mutiletan, berriz, Swen Zaugg izeneko hamazazpi urteko surflari gazteak irabazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo