GARA > Idatzia > Kultura

Lekue, finalera, eta Elortza eta Paia, trenean aurre-aurrean

Bi puntu eta erdiren tartean hiru bertsolari kabitzen dira. Horrela frogatu ahal izan zen atzo Durangon jokatutako Bizkaiko bigarren finalaurrekoan. Etxahun Lekuek lortu du finalerako txartel zuzena, eta Elortzak eta Paiak toki oso ona hartu dute Bilborako trenean.

p057_f01.jpg

Amagoia MUJIKA

Landako gunean, Durangoko Azokaren bezperatan, 800 bat lagun bildu ziren Bizkaiko Txapelketako bigarren finalaurrekora. Finaleko zortzikotea itxura hartzen ari da pixkanaka. Arkaitz Estiballesek eta Etxahun Lekuek segurua dute lekua, eta Igor Elortzak eta Fredi Paiak toki oso ona hartu dute trenean.

Etxahun Lekuek kinielak hankaz gora jarri, eta lehen tokia lortu zuen atzoko saioan. Hala ere, atze-atzetik sartu ziren sailkapenean Igor Elortza eta Fredi Paia. Saioa amaituta ere, bertsozaleen artean zalantza handiak ziren zein lehenengo, zein bigarren... Lekue, Elortza eta Paia besteen aurretik izango zirela nabarmen samarra zen, baina ez zein ordenan. Gero, behin puntuazioak ikusita, normalak ziren zalantzak. Saio polita izan, bertsolariek beretik jarri zutelako eta bertsozaleak ere konplitu zuelako.

Etxahun Lekue oso erregular aritu zen eta ariketa guztietan utzi zituen ale politak. Hamarreko txikian Arrate Illarorekin batera aritu zen, biak gozo-gozo. Aitona eta iloba ziren Etxahun eta Arrate. Kalean paseoan zebiltzala, etxe zahar bateko paretan dauden bala zuloak seinalatuz ea zer diren galdetzen dio ilobak aitonari. «Zugaz paseatzea hau da suertea/ gura neuke luzaro holan egotea/ baina hormari begira akabo bakea/ zer da galdetu dozu iloba maitea/ kasik hobeto dozu bape ez jakitea», bota zuen lehenengoa Etxahunek. Eta, Arratek, erantzun, «Nola guztia jakin nahi nuken bizitzan/ berriz ere naukazu galdetu baldintzan/ urduri jarri zaitut, urduri peskizan/ aitite kontaidazu erraz balitz gisan/ hori esanda ona ezin baita izan». Arrate Illarok gauza politak utzi zituen Durangoko saioan, eta behetik begira gozatu egin zuela zirudien.

Igor Elortza izan zen bigarren. Azken agurrean esan zuen ez zela nahi bezain txukun ibili. Egia da parean tokatu zitzaizkion gaiak eta paperak ez zirela josten errazenak izan, baina ariketa guztietan topatu zituen irtenbide onak. Zortziko nagusian Fredi Paiarekin egokitu zen. Krisiak krisi -oso presente egon zen gaia izan zen-, beren herrialdera bueltatzeko asmotan dauden bi etorkinen azalean jarri ziren. Hauxe, Elortzaren lehena: «Boliviatik etorri eta ez ta egoera polita/ behar orduak igota eta soldata barriz jaitsita/ hemen ze kristo nabilen neure buruari Fredi kritika/ hemengo amamak alferrik zaintzen nirea han hiltzen eukita».

Kartzelakoa, irriz

Kartzelako gaia polita izan zen, irriz hartzen den horietakoa, eta hori ez da oso ohikoa izaten: «Dei bat jaso dozu. Eskegi dozunetik ezin dozu aurpegitik irribarrea kendu».

Etxahunek bikotearen deia jaso zuen, aita izango zela esanez. Gorka Ostolazak Artur Masen emaztearen ahotik abestu zuen. Arrate Illarok egun batzuk lehenago egindako lan elkarrizketatik albiste onak jaso zituela kontatu zuen, lana eman ziotela alegia. Jone Uriak doktoretza egiteko beka jasotzeko bidea ikusi zuen. Fredi Paiak, berriz, Sevillako lehengusu baten deia jaso zuen, atzoko saiorako animoak emanez.

Fredi Paia oso indartsu agertu zen Durangon. Kantaera indartsua, intentzio argia eta ideia oso berriak ekarri zituen, eta bertsozaleak bereganatu zituen. Kartzelakoan, esaterako, algarak eragin zituen. «Dirudienez Internet dabil egun hona eta hara/ ta telefono bidez eman dit itzelezko besarkada/ `Hola' esanez zezen aurrera atera zaitez plazara/ atera zure kapotea ta ezer ez da izango traba/ marea itzazu guztiak eta ezpataz azken zartada/ ba arrazoi du bertsolariak euskal toreroak gara».

Igor Elortzaren okurrentzia ere ederra izan zen. «Igual irabazi nei kristoren dirutza/ gainezka egin arte bete neike kutxa/ gaurko deia ez da izan zakurraren putza/ barreka nire etxean harantza honuntza/ norantz behar ete dot oin balantza bultza/ irriparre handi bat dator ta goruntza/ Urkulluk eskeini deust kultur sailburutza».

Jone Uriak, orokorrean, saio ona egin zuen. Eta kartzelakoan ere, txukun aritu zen. Puntuari erantzuten, oso ondo, baita bakarkakoan ere. «Krisia nola dagoen bere gorengo puntuan/ gazteok beldurrez gaude zer pasako den tentuan/ antza arreta jarri dute nik daukadan talentuan/ deia moztu ta negarrez nago pozez segituan/ maisu batek deitu baitit ta esan ahots altuan/ beka eskatu ezazu jaurlaritzan den lekuan/ gero gure iritzia izango dute kontuan/ doktoretza egin dezazun gure departamentuan», kontatu zuen lehendabizikoan.

Gorka Ostolazak arratsaldea polito josi zuen, baina kartzelakoan egindako potoak pisua izango zuen puntuazioan. Hurrengo hitzordua, datorren abenduaren 1ean Gernikan.

 

Puntuazioa

Etxahun Lekue 563,5

Igor Elortza 561,5

Fredi Paia 561

Jone Uria 528

Arrate Illaro 489,5

Gorka Ostolaza 483

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo