GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

Parte txarrekoak eta onekoak

Gauez ibilitakoan ingumak, arimak eta antzeko agerpenetatik babesteko hainbat zaintza hartu behar omen da. Hasteko agurtu ere ez dira egin behar; «gabon», edo horrelakorik esan gabe bere ondotik pasa egin behar da. Paretik datorren ona edo gaiztoa ote den zalantza izanez gero, «parte txarrekoa edo onekoa zara?» galdetu behar zaio, eta berehala aitarena egin; txarrekoa bada berehala desagertuko da. Arimaren batekin harremanetan jarriz gero, ezin zaio eskua eman edo ukitu, erretzeko arriskua baitago, eskuzapi bat eskuan hartuta eman behar zaio eskua, babes gisa. Arimak espaloitik ibiltzen direnez, gauez kale erditik ibiltzea izango da onena, harekin ez gurutzatzeko. Halaxe argitzen digu behintzat Anton Erkorekak Bermeon bildutako hainbat istorio, kontu eta ohituretan.

Eskergarria da, hainbat lagunek egindako lanari esker, ikerketa eta bilduma hauek edukitzea. Kontalariok lan tresna gozagarria dugu, ikasbidea izateaz gain. Jakina, horietako asko egungo garaietan apur bat zaharkituak geldituko dira, ulergaitzak ere. Izan ere, nork sinetsiko du gaur egun purgatorioko arima batekin kalean gurutzatuko denik gaueko enkontru beldurgarrian? Hala ere, ipuinak kontatzen jarri nahi izanez gero, pertsonek eta kulturek sorturiko mundu fantastikoak ulertzen lagunduko digute. Fantastikak zein irudimenak logika berezkoa dute eta pertsonon barne munduetara garamatzate.

Kontalariak jakin beharko du hori guztia gure garaietara nola ekarri; nola egokitu aspalditik garatzen eta sortzen joan diren mundu fantastiko horiek egungo fantastikotasunera ekarriz. Gure mundu honetan parte txarrekoak eta onekoak non ote dauden azalduz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo