GARA > Idatzia > Kultura

«Nire musika garai berrietara egokitzen saiatzen naiz beti»

p047_f02.jpg

Victor de Diego

Musikaria

Victor de Diegok (Bilbo, 1964), saxofonista eta konpositoreak, Bilbon zein Bartzelonan ikasia, 1984an eman zion hasiera bere ibilbide profesionalari Pork Pie Hat eta Infussion taldeekin jotzen. Izan ere, beraiekin lortu zuen, besteak beste, bakarlari onenaren saria 1986ko Donostiako Jazzaldian. New Yorketik etorri berria, Bilbon izango dugu azaroaren 30ean, gidatzen duen laukoteak lagunduta.

Alvaro HILARIO | BILBO

Jazza gogoko dutenentzat Victor de Diegok ez du aurkezpenik behar. Bere ibilbide oparoak mota guztietako errekonozimenduak izan ditu gure mugetatik at. Izan ere, New Yorkeko Lincoln Centerren izan zen joan den astean Barcelona Jazz Orquestarekin jotzen, «egunero egiten ez den gauza».

Joan den astean New Yorken izan zinen Barcelona Jazz Orquestarekin eta Phil Woods izar handiarekin jotzen. Esperientzia berezia, ezta?

Primerakoa izan da New Yorkekoa; azken batean, hara joatea ez da egunero egiten den gauza bat. Barcelona Jazz Orquestarekin joan naiz: azken bolada honetan, lekuz leku gabiltza, jotzen eta grabaketak egiten. Bestalde, Phil Woodsen ondoan jotzea sinestezina da, zoragarria: bera handienetariko bat da, espezie horretan geratzen diren handienetako bat dugu. Nire maisua, nire idolo bat da. Orain dela urte bi, gutxi gorabehera, disko bat grabatu genuen berarekin; hau da, elkar ezagutzen genuen aurretik. Imajinatu zer den -lehenengo egunean gertatu bezala- bera etortzea esanez `Zelan zaude, Victor, my friend?'

Hiru urte joan dira azken diskoa, «Evolution», kaleratu zenuenetik. Bilboko BBK aretoan ere bebop oihartzunik egongo ote da?

Niri jazz klasikoa asko gustatzen zait, jakina. Beti izan da horrela eta halaxe izango da. Hala ere, diskoari ematen nion gaur egun entzuten den soinua; esan nahi dut oso gogoko dudala jazz musika eta jazz klasikoa (Phil Woods eta John Coltrane, adibidez) entzuten hasi nintzela, baina, egun saxo-jotzaile berriak daude eta horiek entzutea ere interesatzen zait, nire soinua moldatzeko, nire musika garai berrietara egokitzeko, ez izateko Coltraneren klon bat, esaterako, (dena dela, nahiz eta saiatu hori ezinezkoa dela esan behar dugu). Hori ez da nire helburua; nire soinua lortzea dut helburua, baina, hori bai, historian zehar gertatutako guztiak kontuan hartuta.

Roger Mas (piano-jotzailea), Marc Cuevas (kontrabaxu-jotzailea) eta Gonzalo del Val (bateri-jotzailea) dituzu kide zure laukotean, Victor de Diego Groupen.

Nik dudan pentsamendu berbera dute beraiek. Denek jotzen dute era berean: tradizioa atzean dute baina zabalik daude gaur egungo joetara, jotzeko modu berrietara. Hor ditugu, besteak beste, geuk jotzeko iturriak. Azken diskoko konposizioak nireak dira -Roger Masek egindako biak eta Billy Strayhornena izan ezik- eta, zera, bai kontzertuan bai diskoan espero dugu entzuleek egungo eraginak dituen jazzaren tradizioan oinarritutako musika aurkitzea. Eraginak aipatzerakoan, rocka esatear egon naiz, baina hori entzunda askok pentsa dezakete hori gauza berezia dela, eta niretzat oso eremu zabala hartzen du rockak, jazza, bossa nova edota latin jazz bezain zabala, behintzat. Hori guztia nahastea oso interesgarria da; neu, behintzat, nire musika ildo horretatik sortzen saiatzen naiz.

«Jazza ez da egiten duzuna, zelan egiten duzun baizik», esan zuen behin Dexter Gordonek.

Halaxe da; guztiz ados nago. Niri berdin dit nire konposizioak edota besteenak jotzeak. Askotan, nahiago dut estandarrak jotzea. Horrek ez du esan nahi era klasiko batean jo behar direla estandarrak, asko gustatzen zait saxofonista modernoek, garaikideek, betiko estandarrei ukitu pertsonal horiek, modernoak, emanez entzutea, haiek beren hizkuntza jartzen dute bertan, nola musika zaharra hala modernoa izan.

Gogoko duzuna egiteko Euskal Herritik alde egin behar izan zenuen. Badirudi hemen jazzaldi erraldoiaz gain ez dagoela beste ezer, ez dagoela zirkuiturik.

Zoritxarrez, egoera hori ia leku guztietako kontua da. Merkatua gero eta estuagoa da; hau da, beti egongo da merkatua izar ospetsuak ekartzeko eta jendea hara joango da joan behar delako. Oso cool da hori, badakizu. Baina jende askok ez du ulertzen askotan hemengo musikariak ere hobeak izan daitezkeela, kanpokoak bezain famatuak edota hain mediatikoak ez badira ere. Beti izan da horrela eta, alde horretatik, ez dut aldaketarik espero. Bada egin beharreko kritika: musikariok beti saiatzen gara lehiakorrak izaten, saiatzen gara egiten dugunarekin zintzo, ondradu, izaten eta, aldi berean, jendeak gogoko izaten egiten dugun hori; lehenengo eta behin, neure buruarekin izan behar dut zintzo. Hura esandakoan, leku guztietan dira berdinak, jazzaldiek pertsonaia mediatikoak behar dituzte beraiek ere mediatikoak izateko, jendea erakartzeko. Estuagoa da merkatua eta, bestalde, jotzeko baldintzak gero eta txarragoak dira.

Egoera ekonomikoa larria da eta, gainera, kulturari ere BEZaren igoera ezarri diote. Minik egiten al dizue?

Hori bezalako neurrien kontrakoa naiz. Dena dela, ez naiz horretaz berba egiteko pertsona egokiena. Gure kasuan, Jamboree-ra doan batek euro bat gehiago ordaindu behar du; baliteke gehiegi ez izatea, baina leku handietan kontzertu asko eta asko ematen dituztenei kristoren mina egiten die BEZaren igoerak.

 
NEW YORKEN

«Phil Woodsen ondoan jotzea sinestezina da, zoragarria: bera handienetariko bat da, espezie horretan geratzen diren handienetako bat dugu»

zintzotasuna

«Musikariok beti saiatzen gara lehiakorrak izaten, egiten dugunarekin zintzo, ondradu, izaten eta egiten dugun hori jendeak gogoko izaten»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo