GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Karmele Aierbe, Josu Larrea, Marije Fullaondo Ezker abertzaleko kideak

Euskararen nazioarteko eguna baino, euskaraz bizitzeko garaia!

Hizkuntz asimilazioaz, konpontzeke dagoen hizkuntz gatazka batez dihardute egileek, egungo hizkuntz politiken baliogabetasuna nabarmenduz. Bakoitzak eta gaurdanik hasita, ahalmentze prozesu bat hasi behar duela diote, euskararen alde egotetik euskaraz bizitzera jauzi eginez, erdaratik euskarara urratsa emanez. Hartara, indarrak biltzera, Kontseiluaren manifestazioan parte hartzera eta euskararen egunaren karietara euskaraz bizitzeko konpromisoa hartzera deitzen dute

Euskal Herrian ireki den aro politiko berri honetan, «Euskararen lege» antzuaren 30. urteurrena betetzen den honetan, lehentasunezkoa da hizkuntz gatazka konpontzea. Hizkuntz asimilazioaz hitz egin behar da, euskaldunon hizkuntz eskubideen kalteez Euskal Herrian gertatzen den gaztelania eta frantsesaren hedatze sozial izugarriaz.

Gaur egun, Euskal Herriko iparralde eta ekialde gehienean gainbehera jarraitzen du; mendebaldean hazi da euskaldunen kopurua, baina euskararen erabilerak ez du gora egiten; azken hamarkadan %2,5 bakarrik hazi da, EAEn, V. Inkesta Soziolinguistikoak azalarazi duenez. Behatokiaren urtez urteko txostenek egungo legezko babesak ezer gutxirako balio duela erakusten dute. Hizkuntz eskubideek urratuta jarraitzen dute Euskal Herri osoan, eta administrazio guztiek egunero urratzen dituzte.

EAJko Jaurlaritzaren 2005-2009ko egitasmoak ere honako joera negatibo hauek konfirmatzen zituen Euskal Autonomia Elkartean: «euskararen erabilera urria eta guztiz irregularra da», «euskaldunak bakarrik hartuz gero, euskararen erabilerak behera egin du», «1982 inguruko urteetan ez bezala, erdal elebakartasunaren aldeko diskurtsoa ari da orain gure artean zabaltzen», «ezin da euskararen geroa bermatutzat eman».

Unescok ere behin baino gehiagotan ohartarazi gaitu euskararen arrisku egoeraz. Hala ere, egungo gobernuak (PP-PSE, UPN-PSN eta UMP) berrogei urteko atzerapauso bat ematen ari dira: EAEn jaitsi egin dute Osakidetzako lanpostuak betetzeko euskara ezagutzearen balioa; Nafarroan euskara ezabatzeko politika planifikatua du UPNren Gobernuak; eta Ipar Euskal Herrian euskara oroitzapen bihurtzeko bidea hartzen ari da.

Espainiak eta Frantziak euskarari inposatzen dizkioten mugek eta gabeziek hegemonia politikoa, soziolinguistikoa eta demografikoa bermatzen diete. Erdal elebakartasunak desegiten du euskararen ingurunea eta erdarazko elebitasunak blokeatzen du Euskararen Herria berregituratzea. Euskararen mendekotasunak, ahuldadeak eta asimilazioak indarrean jarraitzen du.

Egungo hizkuntz politikek ez dute balio Euskal Herri Euskalduna berrezartzeko. Horrenbestez, iritsi da garaia hizkuntza politika berria gauzatzeko. Heldu da ordua euskararen egia, justizia, memoria, aitortza, erreparazioa eta historia ez errepikatzeko bermea bideratzekoa.

Mende askotako zapalkuntzak euskararen aldeko motibazioa gutxiagotzea eragin du, euskaldun gehienoi gutxitasun sentimendua barneratzeraino. Euskararen nazioarteko eguna baino, euskaraz bizitzeko garaia badugula aldarrikatzeko eta praktikan jartzeko sasoia dugu hau. Horrenbestez, ezinbestekoa da norberaren eta herritar ororen ikuspegia normalizatzea herri gogoa indartzeko. Ezinbestekoa dugu euskaldunok Euskal Herri osoko gizarte esparru ezberdinetan, geure egunerokotasunean, dagokigun lekua guk geuk hartzea, inoren baimenaren zain izan gabe. Beste arlo batzuetan oso aipatua den «enpowering» edo ahalmentze prozesua gutako bakoitzak eta gaurdanik egunerokoan hasteko tenorea dugu.

Hau da, norberaren ikuspegia, euskararen alde egotetik «euskaraz bizi nahi dut»-era igarotzea, eta erdaraz egitetik «euskaraz egitera» aldatzea portaera, herritarren eguneroko harremanetan ohitura bihurtzeko «euskarazko elebitasun praktikoa».

Eta herritarren ikuspegia, euskararen alde egotetik Euskal Herri euskalduna berrezartzera aldatu behar dugu, egungo erdal esparru zapaltzailea esparru soziolinguistiko euskaldun bihurtu behar dugu. Hori baita modu bakarra normalizazioaren bidean eragiteko: euskara dakienak erabiltzeko eta ez dakienak ikasteko, euskara beharrezko bihurtzeko, jardungune sozialak euskalduntzeko eta hizkuntz komunitatea berregituratzeko. Modu bakarra, normalizazioaren apustua irabazteko, arrazoizko epe baten barruan.

Euskal Herria ziklo politiko berrian sartu da, une kualitatibo baten aurrean gaude eta aldaketa garaia da. Hizkuntza politikak urrats berria behar du. Printzipio eta balio demokratiko unibertsalak aitortzea, pertsonen, herrien eta hizkuntz komunitateen berdintasunaren printzipioa indarrean jartzea Euskal Herri osoan, espainierak eta frantsesak, bakoitzak bere estatuan, duten berdintasunezko estatusa eta parekotasunezko egoera lortzea, maila juridikoan, politikoan eta soziolinguistikoan.

Espainiak eta Frantziak jartzen dituzten traba guztiak amaiaraztea exijitzen dugu. Gaurko munduko euskaldunak izan nahi dugu: euskaraz bizi geure herrian «arrotz» izan gabe eta herri hau sortzen segi euskaratik eta euskaraz. Nahi hori Euskal Herriaren herri gogo guztien bultzadarekin eta herritarren asmo sozial, ekonomiko, kulturazko eta politikoekin lotuta dago. Eta horretarako, nahitaezkoa eta premiazkoa da euskal herritar guztiek euskararen marko berri adostua eraikitzea eta euskarari nagusitasun soziala ematea bere lurralde osoan, erreparazio historikoaren bidetik.

Hizkuntza politika burujabea, nazionala eta bateratua bideratu behar dugu, norberaren erritmoak errespetatuz kohesio soziala sendotzeko; nortasun propioaren eta burujabearen erreferentzia eraikitzeko; euskal lurralde guztietan integratutako proiektu ekonomiko, sozial eta kulturalak garatzeko; euskararen lurraldeak elkartzeko, integrazioa indartzeko eta Euskal Herri Euskalduna berrezartzeko.

Ez da inposatzea, guztion lorpen demokratikoa baizik. Denok irabazten dugu. Nor bere herrian eta hizkuntzan nagusi izatera iristea baita bide bakarra, norberaren eta guztion hizkuntz aukeraren berdintasuna bermatzeko, hizkuntz galera gelditzeko eta hizkuntz aniztasunaren iraunkortasuna ziurtatzeko.

Beraz, ezker abertzaleak bere prestutasuna aditzera ematen du eragile politiko eta sozial guztien arteko elkarrizketa eta akordioaren bidez hizkuntza politika burujabea, nazionala eta lehentasunezkoa zehazteko, Euskal Herriaren eta euskal herritarren hizkuntz eskubide guztien errespetua lortzeko, eta norabide horretan bat egiten du pasa den astean EH Bilduk luzatutako euskararen akordio nazional baterako adostasun deialdiarekin.

Iritsi da indarrak biltzeko garaia, auzoko bi estatuek inposatutako erdal asimilazioa gainditzeko, eguneroko lankidetzan eta denon arteko auzolanean Euskal Herri euskalduna eraikitzeko. Bere hizkuntzari eusten dion herri zapalduak, bere askatasunaren giltza eskura duelako beti.

Euskara, norberaren eskubide, herri eskubide, askatasun giltza.

Ezker abertzaleak abenduaren 1ean Kontseiluak Donostian «euskaraz bizi nahi dut» lelopean antolatutako manifestazioarekin bat egiten du, eta, hala, bertan parte hartzeko deia egiten diogu herritar orori.

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, gauden lekuan eta lekutik, euskaraz bizitzeko konpromisoa har dezagun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo