GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria

Azaroak 25 eta 26, 27...

 

Pussy Riot taldea ageri da azaroaren 25erako Gasteizko Plataforma Feministaren kartelean. Musikarien aurkako erabaki judizialak munduari buelta eman dio, eta, Errusian ez ezik, indarkeria matxistaren salaketan ikono bihurtu dira mundu mailan ere.

Errusiar jatorrikoa da Natasha. 20 urterekin Bartzelonara abiatu zen tabernari gisa lan egiteko promesari jarraiki. Kontraturik, baina, ez du sinatu, eta ikusi duen taberna bakarra bere gainean aritu diren gizonak biltzen dituena da. Ihes egin nahi du. Ezin, ordea; mehatxu etengabean bizi da. Hiri berean bizi zen Mayra. Erietxean hil da 55 urte zituela. Bere osasunak okerrera egin zuen pobreziaren kariz. Prostituzioan aritzen zen berak horrela erabakita, baina Barnako Udalak sexu-langileei ezartzen dizkien isunei ezin izan zien aurre egin.

Yamirak hildakoak zenbatzen ditu. Guatemalatik etorri da, eta bertan urte honetan zehar hil dituzten 526 emakumeen istoriok kontatu dizkigu.

Historiaren parte bihurtu da Nawla azken hilabetetan Tahrir plazan bildutako beste milaka emakumerekin batera. Orain, berriz, ez berak ez beste emakumeek ere ez dute Egiptoko asanbladatan parte hartzeko eskubiderik.

Ama izan nahi ez duela erabakitzeko eskubidea izan gura du Elenek eta hargatik kriminalizatzen dute, Oihane eta Amaiak elkarrekin ama izateko eskubidea murriztuta izango duten Iruñea berean.

Beste emakume bat maite duelako zigortu zuten Ndumiren neska-laguna. Hegoafrikan lesbianak bortxatzea zilegi da, «bide onetik joan daitezen», eta ardura hori hartzen dute familiako gizonek.

Bide onetik goazela esango digute, baina egunero behar du azaroak 25 izan, Iruñean, Guatemalan, Hegoafrikan eta Araian ere.