GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

palestina en la onu

Ospakizunak ospakizun, mesfidantza kalean

Epeltasunez bizi izan zuten Zisjordaniako herritarrek atzoko egun historikoa. Buruzagiek ospakizun ekitaldi ofizialak antolatu arren, New Yorken egin beharreko bozketaren atarian ez zen orain urtebeteko festa girorik izan Ramalan.

p002_f02.jpg

Antonio PITA (Efe)

Iaz Nazio Batuen Erakundeko estatu izateko eskariari Segurtasun Kontseiluak ezezkoa eman zionean Zisjordaniako herritarrak agintariekin bat eginda zeuden, baina atzo ez zegoen horrelakorik. Kalean axolagabetasuna zen nagusi, bulego ofizialetan New Yorkeko bozketaren arrakasta ospatzeko nahia nagusi zen bitartean. Ramalan, poza eszeptizismoarekin nahastu zen. Alde batetik, Palestina NBEko «estatu behatzaile» izendatzeak balio sinboliko handia duela onartzen dute herritarrek. Baita erabakiak balio legal handia duela ere. Baina, bestetik, herritarrek badakite beraien eguneroko bizimodua, israeldarrek jarritako kontrolak, koloniak eta hesiak ez direla berehala desagertuko.

Eguerdian 500 lagun inguru elkartu ziren Ramalako Arafat plazan, 40-50 urte inguruko gizonak gehienak, Palestinaren estatus berria ospatzeko antolatutako ekitaldian. Palestinako abestiak entzuten zirela, oholtza gainean bat eginda agertu ziren Fatah, Hamas, Jihad Islamikoa eta Palestina Askatzeko Herri Fronteko kideak. Guztiek bat egin dute Abbas presidenteak egindako eskariarekin. Estatus berriarekin, Palestina ez da NBEko eskubide osoko kide izango. Ezingo du Batzar Nagusiko bozketetan esku hartu, esaterako, baina Israel Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegian salatzeko eskubidea lor dezake.

Mohamed Suleiman Atzerri Ministerioko langileak esan digunez, «estatu independentea lortzeko bidea zabaltzen da gaur». Ez da hain baikorra Junes, 62 urteko ogi saltzailea: «Presidentearen ideia ondo dago, baina bihar, estatu bihurtu ostean, plazara itzuliko naiz ni diru pixka bat lortzeko bertan egun osoa pasatzera».

Abbasek Batzar Nagusiaren aurrean eman beharreko hitzaldia pantaila erraldoietan eskaini behar zuten gauerdian Ramalan. Belenen, «Apartheidaren Horman» ikusi ahal izan zuten herritarrek Abbasen agerraldia.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo