GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Laikotasuna defendatzea» da Aukeratzeko Askatasunaren Aldeko Kolektiboaren xedea

 Asteburuan Biarritzen burutuko den Bizitzaren Aldeko Foroaren harira, hainbat erakundek Aukeratzeko Askatasunaren Aldeko Kolektiboa osatu dute. Ekimen andana antolatu dituzte larunbaterako, «ez erlijioaren edo kleroaren aurka, laikotasunaren eta berdintasunaren alde baizik».

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Estatu frantsesean ezkontza guztientzat bideratuko lukeen legearen eztabaidaren harira Baionako Gotzaingoak azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean Biarritzen antolatutako Bizitzaren Aldeko Nazioarteko Foroak elkarte baten sorrera eragin du: Aukeratzeko Askatasunaren Aldeko Kolektiboa, hain zuzen ere. Atzo, Baionan, bere burua aurkeztearekin batera, larunbaterako antolatu dituen ekimenen berri eman zuen elkarteak.
Familia plangintzako bulegoetatik egindako deialdiari ezkerreko 30 alderdi, hautetsi  eta talde inguru atxiki zaizkio, kristau progresistak barne. Besteren artean, Pirinio Atlantikoetako PS, PCF, PRG64, GA, NPA, AB, Batasuna, EE-Berdeak, Les Bascos, Bilgune Feminista, Aides Aquitaine, Cimade, LDH, Sare Antifaxista eta Solidaires elkarteek bat egin dute deialdiarekin «laikotasun, berdintasun eta justizia baloreen defentsan».
Eliza katolikoaren «sektore kontserbadoreenek politikariei  eta hautetsiei egin nahi dieten presioa» salatu zuten, betiere argi utziz ez dutela «erlijioen edota kleroaren aurka» joatea helburu. «Errepublikaren ezaugarri den botere bereizketa defendatzea da gure nahia, baita norbanakoaren askatasun eta eskubideak ere: tartean sexu aukera, ezkontzekoa, haurrak izatekoa –baita laguntza medikoaren bidez ere– edo adoptatzekoa», adierazi zuten.

Elkarretaratzea

Horiek horrela, ekimen andana antolatu ditu larunbaterako Aukeratzeko Askatasunaren Aldeko Kolektiboak. Hasteko, Biarritzeko Bellevue plazan elkarretaratzea egingo du, 11.00etan. Ostean, 13.00etan piknika egin eta gero, homosexualitateari eta abortuari buruzko film emanaldi eta eztabaida antolatu du Biarritzeko Elkarteen Etxean. Baionako Txiribogan prestatutako gaualdi-kontzertuarekin itxiko du eguna.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo