GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Iñaki Antiguedad, Amaia Andrieu, Txoli Mateos, Iñaki Alegria, Arantza Urkaregi | UPV-EHUko irakasleak

Euskal Herrirako unibertsitatea, gure bidearen erronka

Beste gauza da ea UPV-EHU ote dagoen, gaur-gaurkoz, Euskal Herrian aro berriak zabaldu dituen galdera berriei erantzuteko moduan; hots, paradigma berriak sortu eta zabaltzeko moduan

Euskal Herrirako unibertsitatea hainbat eragileren erronka izan da, da eta segituko du izaten, bai, batez ere, gaur diren unibertsitateetan, eta bai bestelako zenbait erakundetan ere. Unibertsitateen artean nagusi den UPV-EHU honetan, kasuko, izan baditugu erronka-bidearen mugarriak. 2004an «Euskal Herriko Unibertsitatea, izenetik izanera» hautagaitzan bildu ginen hainbat irakasle, ikasle eta administrazioko pertsona. Gerora, 2008an, «Euskal Herrirako Unibertsitatea, gure helmuga» izeneko plataforman bildu ginen langileok. Ideia nagusi horiek ardatz, bestelako unibertsitatea posiblea dugula sinetsita, jarraitu dugu lanean EHUn, erreferentzia gorpuztu bidean.

Abenduaren 4an hauteskunde eguna dugu UPV-EHUn, datozen lau urteetan horren lemazain gorena izango dena hautatzeko. Egia da hautagai bakarra izateak ez duela laguntzen unibertsitate esparruan berezko izan beharko lukeen ideia eta proiektuen alderatzea izaten. Hortaz, nork bere gogoeta. Edozelan ere, eta ondorioz, kanpaina epela izaten ari da, ezbai gutxikoa eta azalekoa. Hala ere, gure ustez, une aproposa dugu lehen aipatutako ideien gaineko gogoeta egin eta pizgarri modura geure inguruan zabaltzeko. Gurpila ibilian dabil.

Hauteskundeen atarian, guretzat ezinbestekoa den galdera dator gogora: UPV-EHU, Euskal Herrirako Unibertsitatea ote da? Izenean Euskal Herria izan arren oso bestelakoa da izanean. Garbi geratu zen sorreratik eragin instituzionala Bizkai, Gipuzkoa eta Arabara mugatuko zuela. Hala ere, ordutik egon dira Hegoaldeko lau lurraldeetarako unibertsitatea izan behar zuela aldarrikatu eta lanean ibili direnak. Are gehiago, uste osoa daukagu gero eta unibertsitario gehiago datozela horrekin bat, hau da, gaurko errealitate instituzionaletik harago joateko beharrarekin. Ez ote da unibertsitatea errealitatearen mugen gainean eragiteko esparru egokia, denetan? Ez ote, erreferentzia eta abangoardia?

2004an dinamika berritua abiatu genuen UPV-EHUn, eta proposamen eraikitzailea egin ere, xedeon inguruan eragile estrategikoa izan zedin: euskararen normalizazioa goi-mailako ikasketetan, Euskal Herriko Unibertsitateen arteko elkarlanean, eta berdintasun, ekitate eta parekidetasunaren baloreen defentsan. Ordutik egindako ibilbideak balio izan duelakoan gaude. Izan ere, oso argi dugu UPV-EHUk, aldaketak aldaketa, funtsezko lekua duela biharko Euskal Herri osoko unibertsitate sistema publikoan, bera baita era guztietako baliabideetan handiena; baina horren bidean gaurko muga agerikoak gainditzen ahalegindu eta asmatu behar du, behar dugu. Eman, jaso eta geografian zabaldu.

Baina ez da geografia kontu hutsa. Unibertsitatea, berez, ez da eremu isolatua, ez dago errealitatetik kanpo. Beste gauza da ea UPV-EHU ote dagoen, gaur-gaurkoz, Euskal Herrian aro berriak zabaldu dituen galdera berriei erantzuteko moduan, hots, paradigma berriak sortu eta zabaltzeko moduan. Horretaz ideia bi. Batetik, erabakitzeko eskubidea eta krisia giltza diren egoera honetan berezko estatuaren alde egiten dugun unibertsitariok badugu zer egin unibertsitate barruan eta kanpora; gure esku dago. Bestetik, UPV-EHUk ideia desberdinen arteko alderatzeari eutsi behar dio, benetako unibertsitatea izango bada behintzat, jendartearen erreferentzia izan nahi badu. Ez dadin gertatu, kasurako, krisiaren sorburua dena ez dela gure fakultateetan irakasgai.

Hortaz, Euskal Herrirako Unibertsitatearen aldeko plataformako kideok abagune honetan, hauteskunde egunetik hasita, UPV-EHUk egin beharko lituzkeen ekarpenen gaineko gogoeta nahi dugu indartu, eta irakasle, ikasle eta administrazioko pertsonekin partekatu ere, indarrak konfiantzaz uztartuta, lehengo ezinak ahalak eginez. Eta bide horretan urrats sendoak eman, erreferente eraginkorragoa izateko unibertsitate komunitatean: Euskal Herrirako unibertsitate sarea helburu, UPV-EHUren funtzio publiko soziala bultzatuz. Euskararen normalizazioan zein herri honen behar estrategikoei begirako jardueretan gure unibertsitate honek eragile aktiboagoa izan behar du, estrategikoa, eztabaida nagusietan ikuspegi kritikoa eta zientifikoa txertatzeko ezinbestekoa, horixe da lortu behar duguna.

Eta horren bidean, den eta izango den errektoreak argi izan behar du murrizketek ez dutela lekurik unibertsitatean. Publikoaren aurkako erasoak ugaritzen ari diren honetan UPV-EHU zuzentzen dutenek gure unibertsitateak eskaintzen duen zerbitzu publikoa babestu eta indartu behar dute, murrizketei konpromisoz eta irudimenaz aurre eginez. Hortaz, ondo dago UPV-EHU Europako eta haragoko munduko unibertsitateen artean leku egokia izaten ahalegintzea, baina zera gogoratu nahi diogu erretore segituko duenari: UPV-EHUren lehendabiziko lekua inguruan bertan duela, Euskal Herriko jendartea kohesionatu eta uztartzeko bide estrategikoak gauzatuz, hauxe delako Europari eta munduari euskaldunok egin diezaiekegun ekarpenik handiena.

Eskuzabal agertzen gatzaizkio errektoreari, bide-zati asko partekatu ditzakegulakoan. Hortaz, abenduaren 4ari begira ez dugu bat egiten blokeo itxura hartzen duten jarrerekin. Nork bere gogoeta, eta guk geurea. Abenduaren 5etik aurrera ere gurpila ibilian mantentzeko apustuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo